Hautagaiak hiru euskaltzainek aurkeztu behar dituzte gutxienez, Arautegiaren eta Barne-erregelen arabera. Euskaltzainek ondorengo hautagaiak aurkeztu zituzten joan den ostiraleko Osoko Bilkuran:
- Itziar Laka. Pello Salaburu, Miren Azkarate, Patxi Goenaga eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek aurkeztua.
- Jabier Kaltzakorta. Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Patxi Uribarren eta Andres Urrutia euskaltzainek aurkeztua.
Uztailaren 19an, Bilbon egingo den osoko batzarrean bozketa egingo da. Euskaltzain oso hautatua izateko, euskaltzain osoen bozen nagusitasuna erdietsi beharko du hautagaietako batek.
Apirilaren 26an, Donostian egindako osoko batzarrean, Euskaltzaindiak euskaltzain emeritu izendatu zuen Jose Luis Lizundia euskaltzain osoa. Emeritu izateko, 75 urte beteak izan behar dituzte euskaltzain osoek. Esan bezala, berak utzitako hutsunea betetzeko, Itziar laka eta Jabier Kaltzakorta proposatu dituzte.
|
Itziar Laka
Itziar Laka Mugarza Bilbon jaio zen, 1962an. 1986an lizentziatu zen Euskal Filologian, EHUn, eta 1990ean Hizkuntzalaritzan doktoratu zen, Massachusetts Institute of Technology-n, Negation in Syntax: On the Nature of Functional Categories and Projections izeneko tesiarekin (1994an argitaratua).
2009az geroztik, EHUko Euskal Ikasketak Saileko katedraduna da. 1996tik irakaslea da EHUn. Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean, Letren Fakultatean.
Gogo Elebiduna ikerketa taldearen zuzendaria da, eta Gramática en procesamiento: estrategias de procesamiento y parámetros sintácticos egitasmoaren ikertzaile nagusia.
1990-1995 artean, New Yorkeko University of Rochester-en irakasle izan zen. Viena, Utrecht, Napoles eta Río de Janeiroko unibertsitateetan izan da irakasle gonbidatua, eta ikertzaile gonbidatua Netherlands Institute for Advanced Study in Humanities (NIAS), eta Instituto Universitario Ortega y Gasset-en, beste batzuen artean.
Euskaltzain urgazlea da, 2006an izendatua. Euskaltzaindiko Gramatika batordeko kide, 2003az geroztik.
Elhuyar Fundazioaren Patronatuko kide, Societas Linguistica Europaea eta Cognitive Neuroscience Society delakoen kide, aldizkari askotako aholkularia da. ZIO (Zientzia Irakurle Ororentzat / Ciencia para todos los lectores) delako zientzia-saioen bildumako zuzendarikide.
Bere ikerketak hizkuntzalaritza teorikoa eta psiko/neurolinguistikako metodo esperimentalak uztartzen ditu, hizkuntzaren irudikapen eta prozesamendu neurala argitzeko, batik bat sintaxia eta elebitasunaren inguruan. Lan askoren egilea da. Interneten eskuragarri den A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language (1996) gramatikaren egilea.
Jabier Kaltzakorta
Jabier Kaltzakorta Elortza Markinan jaio zen, 1961ean. Deustuko Unibertsitatean egin zituen Filosofia eta Letra ikasketak. Euskal Filologian lizentziatu zen, 1984an. “Euskal baladen corpuserako edizio kritikoa” izeneko tesia amaitzear du.
1994tik, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, Euskal Filologia graduan, gai hauetan: Ahozko literatura, Euskal Literatura XVI-XIX mendeak, Euskal hizkuntza eta hizkuntza modernoak.
Urteak daramatza euskal herri-literaturaren adar edo genero ezberdinak ikertzen, batez ere ahozkotasunari dagozkionak: atsotitzak, ipuinak, baladak, bertsoak... Oro har, herri literaturan eta paremiologian aditua da. Lexikografiaz ere aritu da zenbait artikulutan.
2009az geroztik, Auspoa taldeko kidea da, Joxemari Iriondo eta Pello Esnalekin batera. Labayru Ikastegiko ikertzaile, Etniker Euskalerria taldeetako eta Mendebalde Kultura Alkarteko kide, elkarteko sortzaileetarikoa bat da. Derioko Udako Euskal Ikastaroetako irakasle ere izan zen.
Euskaltzain urgazlea da, 1996an izendatua. 1996az geroztik, Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kide. Azkue Literatur Sarien epaimahaikoa da, aspalditik.
Aldizkari askotan idazten du, euskal hizkuntza eta literaturaren gainean. Besteak beste, Idatz & Mintz, Euskera, Karmel, Enseiucarrean, Litterae Vasconicae, Etniker Bizkaia edo Anuario de Eusko Folklore.
Lan batzuk:
- Bizenta Mogel eta Elgezabal (1782-1854). Bidegileak bilduma
- Alfontso Irigoien (1929-1996). Bidegileak bilduma
- Errose Bustintza (1899-1953). Bidegileak bilduma
- Lamia, sorgin eta tartaroen erresuma ezkutua
- Dantza-kopla zaharrak