Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiogu, bihotzez, eta aldizkari horren kontsulta aurrerantzean ikertzaile eta euskaltzale guztien eskura egongo dela adierazi. Lehendik ere gure funtsen artean bagenituen zenbaki solte batzuk, baina orain bilduma osoa izango dugu. Berri pozgarria, zinez!
Gordailu ez da ezezaguna euskal kulturaren historiaz apur bat dakien edonorentzat, baina esango nuke, tamalez, gaur egun oso ezaguna ere ez dela. Azaleko bilaketa bibliografiko batzuen ondoren, hau da aurkitu dugun albiste osoena:
Gordailu: Euskal argitaletxea, ikastoletako irakasleen eraginez sortua; 1968-69 ikasturtean hasi zen lanean eta 1976an izaera juridikoa eskuratu zuen. Irakaskuntzaren inguruko gaiak argitaratu zituen: metodologia eta pedagogia, eskolaurrea, testuliburuak, hiztegiak, gai monografikoak (natur eta gizarte-zientzietako eta historia eta geografiakoak), etab. 1986an desagertu zen. (Euskal Hiztegi Entziklopedikoa, Klaudio Harluxet Fundazioa, 1995)
Dudarik gabe xehekiago arakatuz gero albiste gehiago eta zabalagoak eskuratuko genituzke, baina esango nuke, oro har, horretan agortzen dela adin bateko euskaltzaleek horretaz dakitena; gazteagoen artean, ziur aski, ia-ia ezer ez. Eta pena bat da, Gordailu garrantzitsua izan zelako gure historian, nire uste apalean bederen. Zergatik ?
Lehenengo eta behin esan behar da Gordailu hainbat irakaslek osatutako kolektibo bat izan zela, euskararekin eta berrikuntza pedagogikoarekin oso konprometituak. Beren lana batez ere 70eko hamarkadan garatu zen eta emaitzarik ezagunena, ziur aski, eskola arloan argitaratutako berrogei bat liburu, liburuxka eta mapa, guztiak euskaraz. Baina horretaz gain, 1970-1973 bitartean aldizkari bat ere argitaratu zuten, osorik euskaraz, gai pedagokikoak landuz ikuspuntu moderno eta aurrerakoi batetik. Hori da gaur aipagai dugun aldizkaria.
Tamalez, nik neuk ez dakit ezer gai horiei buruz eta, beraz, ez noa hemen aldizkari horren edukiak glosatzera. Baina une batez jar dezagun burua eta gogoa 1970-1973 bitarteko Hego Euskal Herrian, presiozko lapiko batean borborka irakiten zegoen giro sozial hartan, diktaduraren azken urteetan mila eta bat gatazka, kontraesan eta aldaketaren eraginpean bizi zen herri hartan; giro horretan hasi zen sendotzen eta indarra hartzen urte batzuk lehenago abiatua zen ikastola mugimendua. Eta euskararekin batera, berrikuntza pedagogiko itzela. Eskola berri bat, zentzu guztietan. Giro horren lekuko da gaur aurkezten dugun aldizkaria.
Ez ote du merezi gai horretan apur bat sakontzea? Interesatuak aukera berri bat izango du eskura aurrerantzean, Pako Eizagirreren dohaintza honi esker.