Joan den ekainaren 28an, Euskaltzaindiak Gasteizen egin zuen osoko bilkuran, amaitu zen hutsunea betetzeko hautagaiak aurkezteko epea. Hautagaia hiru euskaltzainek aurkeztu behar dute, gutxienez.
Bi hautagai aurkeztu zituzten euskaltzainek: Itziar Laka (Pello Salaburu, Miren Azkarate, Patxi Goenaga eta Beñat Oihartzabal euskaltzainek proposatua) eta Jabier Kaltzakorta ( Adolfo Arejita, Xabier Kintana, Patxi Uribarren eta Andres Urrutia euskaltzainek aurkeztua).
Jabier Kaltzakorta
Jabier Kaltzakorta Elortza Markinan jaio zen, 1961ean. Deustuko Unibertsitatean egin zituen Filosofia eta Letra ikasketak. Euskal Filologian lizentziatu zen, 1984an. “Euskal baladen corpuserako edizio kritikoa” izeneko tesia amaitzear du.
1994tik, Deustuko Unibertsitateko irakaslea da, Gizarte eta Giza Zientzien Fakultatean, Euskal Filologia graduan, gai hauetan: Ahozko literatura, Euskal Literatura XVI-XIX mendeak, Euskal hizkuntza eta hizkuntza modernoak.
Urteak daramatza euskal herri-literaturaren adar edo genero ezberdinak ikertzen, batez ere ahozkotasunari dagozkionak: atsotitzak, ipuinak, baladak, bertsoak... Oro har, herri literaturan eta paremiologian aditua da. Lexikografiaz ere aritu da zenbait artikulutan.
2009az geroztik, Auspoa taldeko kidea da, Joxemari Iriondo eta Pello Esnalekin batera. Labayru Ikastegiko ikertzaile, Etniker Euskalerria taldeetako eta Mendebalde Kultura Alkarteko kide, elkarteko sortzaileetarikoa bat da. Derioko Udako Euskal Ikastaroetako irakasle ere izan zen.
Euskaltzain urgazlea da, 1996an izendatua. 1996az geroztik, Euskaltzaindiko Herri Literatura batzordeko kide. Azkue Literatur Sarien epaimahaikoa da, aspalditik.
Aldizkari askotan idazten du, euskal hizkuntza eta literaturaren gainean. Besteak beste, Idatz & Mintz, Euskera, Karmel, Enseiucarrean, Litterae Vasconicae, Etniker Bizkaia edo Anuario de Eusko Folklore.
Lan batzuk:
- Bizenta Mogel eta Elgezabal (1782-1854). Bidegileak bilduma
- Alfontso Irigoien (1929-1996). Bidegileak bilduma
- Errose Bustintza (1899-1953). Bidegileak bilduma
- Lamia, sorgin eta tartaroen erresuma ezkutua
- Dantza-kopla zaharrak