Haren bibliografia akademikoa oso zabala izanik, Pierre Topet Etxahun koblagileaz egindako doktore ikerketa azpimarratu behar da, duen garrantziagatik. Halaber, Euskaltzainditik eta unibertsitatetik at egindako lanak ere gogoan izan behar dira, hala nola, Herria aldizkariko kolaborazioak, Baionako Euskal Museoan ateratakoak edo euskararen alde egindako beste zenbait.
Hil kapera bihar, astelehenean, irailaren 2an, jarriko da, goizeko 9etatik aurrera Baionako Tanatorioan (Baltet Karrika). Ordutegia: goizez (09:00-12:30) eta arratsaldez (14:00-19:00).
Hileta berriz, asteazkenean, hilaren 4an, egingo da Baigorriko elizan, arratsaldeko 16:00etan.
Jean Haritschelhar Duhalde Baigorrin jaio zen, 1923ko maiatzaren 13an. Lehen ikasketak bertako eskola publikoan egin zituen. Ondoren, Baionan, Mont de Marsanen eta Tolosan ikasi zuen. Letretan doktore da Ecole Normale Superiore de Saint-Cloud eta Sorbonne-Parisen, tesiok aurkeztu zituelarik: “Le poéte souletin Pierre Topet Etxahun” ea “L’oeuvre poétique de Pierre Topoet-Etxahun”, 1969an. Madrilen eta Sevillan ere ikasi zuen. “Gustavo Adolfo Becker costumbrista” izeneko tesina egin zuen.
Arlo profesionalean, irakasle izan zen, 1952tik 1959ra Agen-eko lizeoan eta 1962tik 1986ra Bordeleko Unibertsitatean, bertan gaztelania eta euskara eskolak ematen zituela. 1969an, Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedradun izendatu zuten.
1962an, Baionako Euskal Museoko buru izendatu zuten (1988 urtera arte izan zen buru). Urte horretan ere (1962ko uztailaren 27an) Euskaltzaindiak euskaltzain oso hautatu zuen. 1963ko uztailaren 28an, Baigorrin, irakurri zuen sarrera-hitzaldia. Rene Lafon-ek erantzun zion.
1966. urtetik 1988ra bitartean euskaltzainburuorde izan zen eta 1989an izendatu zuten euskaltzainburu, Luis Villasanteren lekuan. 2004ko abendura arte izan zen euskaltzainburu. Bere ordez, Andres Urrutia hautatu zuten euskaltzainburu.
Euskaltzain emeritua zen, 2006ko uztailaren 20tik.
Euskaltzaindian baitan, Literatura Ikerketa batzordeburua ere bazen, 2005az geroztik.
1971tik 1980ra bitartean Baigorri bere herriaren alkate izan zen. 1988an, Euskal Herriko Unibertsitateak “Honoris Causa Doktore” izendatu zuen.
2008ko urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak ekitaldi berezia egin zuen bere egoitza nagusian, Jean Haritschelhar omentzeko. Omenaldi hartan, Euskal Herriko hainbat erakundetako ordezkariak bildu ziren Euskaltzaindiaren egoitzan. Gainera, omenaldiari hasiera emateko, Jean Haritschelhar-i omenaldia izeneko liburua aurkeztu zen. Euskaltzainburu ohiaren omenez Euskaltzaindiak argitaratu zuen liburu honetan Akademiaren 33 kidek -euskaltzain oso, ohorezko eta Literatura batzordekidek- hartu zuten parte.
2010ko martxoaren 23an, Honoris Causa Doktore izendatu zuen UNED-ek (Urrutiko Hezkuntzarako Espainiako Unibertsitatea).
Besteak beste, Ikas, Euskaltzaleen Biltzarra, Societé de Linguistique de Paris eta Euskal Kultur Erakundearen partaide zen. Frantziako Hezkuntza Ministerioko Conseil des Universites delako erakundearen batzordekide ere bazen. Pizkundea, Iparraldeko Kultur Federazioa-ren buru.
Artikulu ugari idatzi zuen bizitzan zehar hainbat aldizkaritan: Gure Herria, B. Du M.B, Revista de Etnografía, Euskera, Bulkletin hispanique, Enbata, Herria (honen zuzendariorde ere izana zen) eta Estudios de Deusto, besteak beste. Pilota aldizkariaren sortzaile eta zuzendari ere izan zen, bai eta Pilotarien Biltzarraren zuzendari ere (Pilota Federazioko kidea ere izan zen, 1968tik 1996 arte). Bulletin du Musée Basque deritzan aldizkaria zuzendu zuen, bertan euskara, euskal kultura, historia eta arkeologia mailako oinarrizko argitalpenak ezagutarazi zituela.
Bestetik, Udako Euskal Unibertsitatearen sortzaileetakoa genuen Haritschelhar. Bertan, gainera, lau urtez izan zen irakasle.
Sariak, omenaldiak:
- Euskal Herriko Unibertsitateak Honoris Causa doktore izendatu zuen 1988an
- Officier des Palmes académiques
- Officier des Arts et Lettres - EIZIEko ohorezko kidea da 1996az geroztik
- 2004ko Manuel Lekuona saria -2004ko abenduan, Baionako Euskal Museoak omendu zuen
- 2005eko ekainean, Manuel Irujo saria -2006ko martxoaren 1ean, Biarritzeko Ohorezko Domina eman zioten
- 2006ko abenduaren 9an, Algortako Bertsolari Eskolak Ahobe saria eman zion (beste lau lagunekin batera, doktore-tesia bertsolaritzaren gainean egin izanagtik)
- 2008ko urtarrilean, Euskaltzaindiaren omenaldia
- 2010ean, UNEDek Honoris Causa doktore izendatu zuen
- 2013an, Sarako Idazleen Biltzarraren omenaldia