Honela onartu zen atzo, irailaren 9an, Parlamentuko Eledunen bileran. Patxi Zabaleta euskaltzain eta Aralarreko koordinatzailearen ekimenez, Bildu eta Aralar-NaBai taldeek aurkeztu zuten proposamena, adierazpen instituzional gisa onartzeko. Alderdi guztietako ordezkariek onartu zuten, aho batez.
Onartutako testuak honela dio: "Jatorriz Nafarroako VI merindadeko Baigorri herrikoa zen Jean Haritschelhar, beraz Baxenafarroakoa. Berrogeita hamaika urtez izan da euskaltzaina; horietatik 16 urtez Euskaltzainburua eta beste 22 urtez Euskaltzain buru-ordea."
"Euskaltzainburu bezala hainbat hitzarmen sinatzea gertatu izan zaio Nafarroako Gobernuarekin edo/eta Iruñeko Udalarekin eta Nafarroako beste udal eta erakunde askorekin; betiere jakina, Euskaltzaindiari legez dagokion hizkuntz aholkularitza betetze aldera. Xede berdinarekin partaide izan da euskararen arloko hainbat ikerketa eta aldarrikapen burutzeko ahaleginetan, berauetako askok eta askok Nafarroarekin zerikusi zuzena dutelarik".
Adierazpena Haritschelhar zenaren sendiari jakinaraziko zaio, bai eta Euskaltzaindiari, Baigorriko Udaletxeari eta Nafarroako gizarteari ere.