“Ez da asko Eusebio Maria Dolores de Azkuez dakiguna”. Hala diote haren idazlanen bilduma kritikoa argitaratu zuten Asier Astigarragak eta Josu Bijuescak (Euskarazko vertsoak, Labayru, 1990). Hortaz gain, kexu agertzen dira zenbaitetan aitortzen zaion meritu bakarra delako Resurreccion Maria Azkue euskaltzale handiaren aita izatearena. Eta ez omen da bidezkoa, haren bokazio literarioak eta idazlanek baliotze jasoago bat eskatzen dutelako. Badago zer jorratua, beraz, zer ikasia, zer hausnartua.
Baina ez gara hutsetik abiatzen. Duela berrogei urte Euskaltzaindiak beste omenaldi bat egin zion Lekeition bertan eta, hantxe, beste idazle lekeitiar batek, Eusebio Erkiaga (1912-1993) euskaltzainak hitzaldi luze bat irakurri zuen haren bizitza eta lanak goratuz. Hain zuzen ere Erkiagaren sarrera hitzaldia izan zen hori gaur egun ere dokumentu guztiz aipagarria da, atsegina eta zer pentsatu handia ematen duena; gure erakundearen webgunean irakurri daiteke, hemen, handik hartu dugularik ondoko albiste laburra.
Eusebio Maria Azkue Lekeition jaio bazen ere, haurtzaroa eta gaztaroa Zamudion eman zuen, hangoa baitzen bere aita. Ama, berriz, lekeitiarra. Horregatik, agian, ez zitzaion kostatu Lekeitiora lanera etortzea, bertako Nautika eskolako irakasle gisa. Izan ere, nortasun interesgarri batez jantzita agertzen zaigu guri: poeta batetik, bere garaian argia ikusi ez zuten poesia mordo baten egile grinatsua, eta, bestetik, herritarren artean ez poeta, baizik eta matematikari ospe nabarmenekoa. Nautika-irakasle, matematikari eta poeta, beraz. Hortaz gain, gizon bereziki umoretsu, zirikatzaile eta alaia, bere idazlanek erakusten duten bezala. Bizia maite zuen gizon polifazetiko bat.
Ez da horretan agortzen Erkiagak Azkuez ematen digun informazioa, baina ez dugu hura iruzkintzen segituko. Hala ere, ez dugu bukatu nahi Eusebio Maria Azkueri lehenago egin zitzaion beste omenaldi bat jaso gabe. Hala dio Erkiagak aipatu dugun hitzaldian:
“Goiko kaleko 16 ganean, dogu Eusebio Mariren jaiotetxea, ta antxe, ormeari deutsala dago gomutarria, 1936 gn. urteko San Pedro bezperan, gerratea baiño ogei egun lehenago ezarri genduan arlandua. Arri orrek orduan, euskaraz zituan berbak; orain gitxiago ditu, ta eurek gaztelaniaz. Egun aretan kalean bertan berba egitea gertau jatan, eta orain, 37 urte geroago bere, barriro dagokit Azkuetarrak goratutea.”
(Lekeition, 1973ko azaroaren 11n irakurritako hitzaldia)
Ostiralean, 19:00etan, Lekeitioko Kultura Etxean
Ostiralean, hilaren 20an, Lekeitioko Kultura Etxean egingo da Eusebio Maria Azkueren omenezko ekitaldia, iluntzeko 19:00etan. Hau izango da egitaraua:
- Maitane Larrauri Lekeitioko alkatea: Sarrera-hitzak
- Jon Kortazar: “Eusebio Azkueren poesiaren bidetik”
- Josu Bijuesca: “Parnasotik Euzkadia-ra. Eusebio M. Azkueren poesiagintza eta nazio identitatea”
- Xabier Altzibar: “Zein dira eta zein ez E. M. Azkueren bertsoak?”
- Andres Urrutia euskaltzainburua: Agur-hitzak