"Egun -esan du- mugek gero eta eragin gutxiago dutenean, Euskaltzaindiak ere hori baliatzen du Euskal Herri osoko euskaltzaleak batzeko eta ahaleginetan jartzeko. Espainia eta Frantziaren arteko mugan dagoen euskararen herrialde osoan lan egiten du euskara, aspaldiko hizkuntza, iraganeko bitxia baino, gaur eguneko eta etorkizuneko hizkuntza izan dadin, Europako beste hizkuntzekin batera".
Esker oneko hitzak esan dituenean, euskalgintza izan du gogoan: “Eskerrak, orobat, euskal jendeari, eta euskal kultura egiten duten guztiei, horien eguneroko ahaleginik gabe ezinezkoa izango bailitzateke Euskaltzaindiaren lana. Euskalgintzari asko zor diogu eta berarentzat ere bada sari hau”.
Andres Urrutiarekin batera, Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea izan da Madrilen, Europar Parlamentuaren ordezkaritzan. Bestalde, Izaskun Bilbao Akademiaren hautagaitza sustatu zuen eurodiputatua eta Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordea ere joan dira.
Jakina denez, Euskaltzaindiarekin batera, Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak ere jaso du 2013ko Europar Hiritarraren Saria.
Datorren hilean, urriaren 16an eta 17an, Bruselan, Europar Parlamentuaren egoitzan, sari-emate ekitaldi nagusia izango da.