Hain zuzen ere, gaur, Iruñeko Udaletxean, egin du Euskaltzaindiak iraileko Osoko bilkura. Hori dela-eta, hitzarmenaren sinaduran, euskaltzainburua ez ezik, gainerako euskaltzainak ere izan dira. Iruñeko Udaleko zinegotziak ere joan dira ekitaldira.
Sinatu ostean, euren poza agertu dute bai alkateak, bai eta euskaltzainburuak ere. Hala, Mayak Euskaltzaindia Udaletxean izatea "benetan atsegina" dela esan du, eta euskara "altxorra linguistiko" bezala definitu du. Horregatik, Euskaltzaindiak Nafarroan egiten duen lana eskertu egin du alkateak.
Andres Urrutiak, aldiz, Euskaltzaindiarentzat Iruñeko Udaletxean egotea "ohore handia" dela esan du -lehenbiziko aldiz egiten du Akademiak osoko batzarra bertan- eta Nafarroan diharduen euskalgintza gogoan izan du. "Gure lana hedatu eta zabaldu nahi dugu, eta Nafarroan dabilen euskalgintzari gure konpromisoa adierazi nahi diogu. Euskara ideologia guztien gainetik dagoelako, eta guztion ondarea delako".
Hitzarmenaren ildo nagusiak
Hitzarmen horren helburuak honako hauek dira:
- Euskaltzaindia Iruñeko Udalari aholku emateko zereginetan aritzen ahalko da, euskararekin zerikusirik duten hizkuntza aferetan bezainbatean.
- Euskaltzaindiak ematen jarraituko du hala herritarrek eskaturiko hizkuntzaren inguruko argibideak eta aholkuak nola txostenak eta egiaztagiriak, bai bere bulego nagusietatik bai Iruñean kokaturik dagoen Nafarroako ordezkaritzatik.
- Kultur hedapenerako jarduerak, ikastaroak, hitzaldiak eta abar bultzatuko ditu, eta horretarako behar diren erakunde eta elkarteekin arituko da elkarlanean.
- Euskaltzaindiak sustatzen dituen argitalpen, aldizkari edo edizio bakoitzaren hamar ale emanen dizkio Iruñeko Udalari, betiere Hitzarmen honen esparruari dagozkion aferei buruzkoak baldin badira. Argitalpen horiek Iruñeko liburutegi publikoetara bidaliko dira.