Horrela adierazi dute gaurko ekitaldian Maite Iturbek eta Andres Urrutiak. Iturberen esanetan, "orain arte pauso handiak eman ditugu elkarrekin, eta hala jarraituko dugula espero dut. Gure helburua, gure hedabideen bitartez kalitatezko eredu estandarra zabaltzea da, eta horretarako, Euskaltzaindiaren laguntza ezinbestekoa da". Bestalde, Urrutiak esandakoaren arabera, EiTBren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlana "norabide bikoa da"; izan ere, batetik, EiTBk Akademiaren aholkularitza jasotzen du, eta bestetik, Euskaltzaindiak EiTBk erabiltzen duen euskara baliatzen du bere egitasmoetan, adibidez, Lexikoaren Behatokian.
Andres Urrutia eta Maite Iturberekin batera, hauek izan dira gaurko ekitaldian: EiTBren izenean, Odile Kruzeta EiTBko irratietako zuzendari-koordinatzailea, Andoni Aranburu Estrategia eta Komunikazio zuzendaria eta Asier Larrinaga Euskara Zerbitzuaren arduraduna. Euskaltzaindiaren izenean, aldiz, Xabier Kintana idazkaria, Adolfo Arejita Iker sailburua -EiTBren Administrazio Kontseiluan Euskaltzaindia ordezkatzen du Arejitak-, Erramun Osa idazkariordea eta Joseba Zabaleta kudeatzailea.
Gaur sinatu den hitzarmenean jasotzen denez, EiTBko hedabideek kalitatezko euskara eredu estandarra zabaltzen eta finkatzen lagunduko dute. Aldi berean, euskalkien aberastasuna bistaratzen eta balioan jartzen ere lagunduko dute hizkuntza erregistro egokiak erabiliz, saio bakoitzari eta komunikazio egoera bakoitzari dagokion eran. Irizpideak, EiTBren estilo liburuan zehaztuta egongo dira. Honenbestez eta hau guztia aurrera eramateko, EiTBk Euskaltzaindiko Hizkuntzaren Kalitatearen Behatokiaren laguntza eta kolaborazioa izango du.
Bi erakundeen arteko lankidetza esparru hauetan gauzatuko da:
- Hiztegi Batuaren eta Onomastikaren alorrean, bereziki EiTBn erabiltzen diren toponimo, exotoponimo, antroponimo eta abarrei lotuta.
- Hizkuntzaren gramatika.
- Ahoskerari buruzko arauak eta jarraibidea, hizkuntzaren ebakera zuzena zaindu eta fonetika hutsak saihesteko.