Haiekin batera hauek izan dira gaurko sinatze-ekitaldian: Euskaltzaindiaren izenean, Xarles Videgain, Jean-Baptiste Coyos eta Xabier Kintana euskaltzaina, Erramun Osa idazkariordea eta Joseba Zabaleta kudeatzailea. Eta EEPrenean, Ttitto Aguerre teknikaria.
2008. urteko urtarrilaren 24an, Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak hitzarmen orokor bat izenpetu zuten, bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko eta egituratzeko. Hitzarmen orokor horrek, Euskararen Erakunde Publikoaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzaren nondik norakoa zehazten zuen, eta lankidetzaren ardatzak eta erakunde bakoitzaren betebeharrak finkatzen. Bestalde, urtero, hitzarmen orokorrari lotutako urteko gehigarri bat izenpetzen da, urteko lanak elkarrekin zehazteko.
Hortaz, gaur, 2013rako gehigarria izenpetu dute EEPk eta Euskaltzaindiak. Hitzarmen gehigarri horrek, bi erakundeen 2013. urteko lankidetzaren nondik norakoak, egitaraua, egitura bakoitzaren egitekoak, argitalpen programa eta diru-laguntza zehazten da.
Hauek dira 2013. urteko eginkizun nagusiak:
- Euskaltzaindiak lan hauek argitaratuko ditu 2013an: Zubererazko istorio, alegia eta ipuin irri-egingarri. Gure Herria aldizkariaren idazleak (1924-1939). Prestatzailea: Jean-Baptiste Coyos; Ernest Daudet: "Amodiaren martirra" Dolores, emazte bat berthutez bethea. Prestatzailea : Xabier Altzibar; Kultura eskubideen oinarri etikoak. Autorea : P. Xarriton
- Euskaltzaindiak EEPren eta Eusko Jaurlaritzaren Proiektu Deialdiko argitalpen proiektuen hizkuntza kalitatearen azterketa egingo du
- Euskaltzaindiak aholku emango dio EEPri, toponimoen grafia egokiari buruzko gaietan
- Euskara teknikariei formakuntza ikastaro bat emango dio Euskaltzaindiak
- IGNeko toponimoen normalizatze lanaren emaitzak publiko egingo dira. Alegia, IGNeko toponimoen arautze lanen berri emanen dute Euskararen Erakunde Publikoak eta Euskaltzaindiak
- IKAS pedagogia zentroaren argitalpen proiektuen hizkuntza baieztapena egingo da. Euskaltzaindiak eta Euskararen Erakunde Publikoak 2013an araberako prozedura egoki bat jarriko dute abian, IKAS pedagogia zentroarekin elkarlanean