Joan den irailaren 23an, Madrilen, Europar Parlamentuaren ordezkaritzan, ekitaldi bat egin zen, eta bertan Euskaltzaindiak eta berarekin batera 2013ko saria jaso duen Hipotekak Kalte Egindakoen Plataformak oroigarri bana jaso zuten. Gaur, aldiz, Bruselan egingo den ekitaldian, saria jaso duten Europa osoko 21 herritako 43 sarituak izango dira.
Madrilen egin zen ekitaldian, Europan euskararentzako lekua aldarrikatu zuen euskaltzainburuak. Horrezaz gain, euskalgintza izan zuen gogoan: “Eskerrak, orobat, euskal jendeari, eta euskal kultura egiten duten guztiei, horien eguneroko ahaleginik gabe ezinezkoa izango bailitzateke Euskaltzaindiaren lana. Euskalgintzari asko zor diogu eta berarentzat ere bada sari hau”, esan zuen.