Bere hitzaldian, laster ehun urte beteko duen erakundearen ibilbidearen garrantzia azpimarratu zuen Urrutiak. Hala, jaio zenetik, Euskaltzaindiak herritarren nahiarekin bat egin eta muga guztien gainetik euskararen alde lan egin duela esan zuen. Hortaz, erakundea sortu zutenak, eta garai latzetan ere, bizirik mantendu zutenak ez ezik, gaur egun euskara normalizatzeko eta zabaltzeko lan egiten dutenak ere gogoan izan zituen.
Atzo, Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaritzan izan zen Andres Urrutia; han, Marta Marín buruarekin, eta ordezkaritzako hainbat kiderekin batu zen.
Bestalde, Desagertzeko zorian dauden Europako Hizkuntzak eta dibertsitate linguistikoa txostena landu duen François Alfonsi eurodiputatu korsikarrarekin bilera egin zuen. Txosten hori Europako Parlamentuak onartu zuen, ekainean egindako bileran. Euskaltzainburuak, Euskaltzaindiaren egoitzara joateko gonbita luzatu dio Alfonsiri, bertan txosten horretako nondik norakoa azal dezan.
Gaur, urriaren 17an, Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Bulegoko zuzendariarekin bilera egingo du Andres Urrutiak.
Euskaltzainburuarekin batera, Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea joan da Bruselara.