Era berean, hauxe nabarmendu du epaimahaikoak: "Afektibotasunaren arloan, elkar ulertzeko ezintasuna nagusitzen da pertsonaien arteko harremanetan; bestalde, aipagarri da euskal gizartearen ispilua: hiria eta herria, politika-iritzi ezberdinen talka, literaturari dagokionez, azkenik, diskurtsoaren osotasuna eta aberastasuna dira azpimarragarri. Aipatzekoak dira, esaterako, trebetasuna zeharkako elkarrizketak adierazteko, eta klase desberdintasunak nola azaltzen diren hizkuntz hautuaren bidez. Gisa berean da nabarmentzekoa, Max Frischen Montauk nobela kontakizun honen pertsonaia bat gehiago dugula, eta bestalde, Gustave Flaubert-en lanak Saizarbitoriaren lanetan duen eragina ere. Azkenik, oroz gainetik nabarmentzekoa da nobela honen irakurketak ekartzen duen plazerra. Izan ere, orrialde bakoitzean nabaritzen den tentsioak irakurtzen jarraitzeko bultzatzen gaitu".
Martutene Erein argitaletxeak eman zuen argitara, 2012an.
Bestalde, gaur jakinarazi diren gainerako sariak hauek dira: Iñaki Mendigurenek eta Sarah Turtlek itzulitako Mark Twainen Tom Sawyer-en abenturak eleberriak jaso du Itzulpeneko saria. Ilustrazioko saria Elena Odriozolari eman diote, Tropecista lanagatik. Eta gaztelaniazko literaturako saria Ramiro Pinillarentzat izan da, Aquella edad inolvidable lanagatik.