Hitzaldian, Tolosako leku izenen esanahiaz aritu zen ikertzailea, eta, bereziki, izen horien atzean dagoen historiaz. Adibiderik gardenena hiriaren beraren izena da. Ezaguna denez, Tolosa izena Okzitaniako hiritik hartu zuen Alfonso X. erregeak, hiria sortzean. "Arrazoia -esan zuen Gorrotxategik- bistakoa da, erregearen ustez erresuma baten hiriburuaren izena emateak, onura ekarriko zion sortu berri zen hiri honi".
Izaskun izenaren ibilbidea bestelakoa izan bada, gure herriaren historiaren lekuko zehatza da. Leku izen xumea zen, baina bertan Andre Mariari eskainitako elizatxo bat eraikitzeak ezagun bihurtu zuen. Europan neskak izendatzeko Andre Maria izenak erabiltzeko zegoen joeraz baliatuz, jende askok hautatu zuen izen hau alaba izendatzeko, gainerako euskal izenak debekatuta zeuden garaian. Honek ekarri zuen, Euskal Herrian eta kanpoan ere, ezagun bihurtzea. Baina pertsona izenen erabilera normalizatzearekin batera, izena modatik kanpo jarri zen eta gaur egun gutxi dira horrela deitzen diren neskatilak.
Beste izen askoren jatorria, berriz, eguneroko bizitzarekin daude lotuta, eta gauzen deskribapen hutsa dira (errota, erreka, gaztainadia...). Batzuk ulergarriak dira edozein hiztunentzat (Gurutzeaga, Gaztelumalda). Beste batzuk, aldiz, ilunagoak dira eta adituek baino ez dituzte ulertzen (Agirre edo Igarondo). Azkenik, bada izen kopuru bat, izen zahar-zaharrez osatua, erabat ilunak direnak, hala nola Laskoain. Horretaz gain, herrialde guztietan bezala, badira modaren eraginez sortu ziren izenak, Aljer, Tanjer, Toledo,...