Hala, bada, jardunaldi hauetan, euskararen sustapenean ari diren elkarte eta erakundeekin batera, euskararen inguruan gogoeta egin nahi du Euskaltzaindiak. Euskarak Nafarroan izan duen iragana eta egungo egoera aztertuko dira, eta etorkizunari buruz hausnartuko da. Era berean, azken urteetan egin diren eta egiten ari diren egitasmoen berri jasoko da.
Jardunaldi horien nondik norakoa azaltzeko, prentsaurrekoa egin da gaur, Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkaritzan, eta Sagrario Alemanekin batera, agerraldian Andres Iñigo Akademiaren Nafarroako ordezkaria eta Erramun Osa Sustapen batzordeko idazkaria ere izan dira bertan.
Aurreko bi urteotan Araban eta Ipar Euskal Herrian ere egin zirela gogora ekarri du Sagrario Alemanek. Eta Araban eta Ipar Euskal Herrian bezala, jardunaldi hauek prestatzeko, Euskaltzaindiak euskalgintzako taldeak ondoan izan dituela argi utzi du. “Euskaltzaindiak -esan du- aurrera ere hauekin batean ari nahiko luke, talde hauen lanik gabe hizkuntza normalizazioa erdiestea ezinezkoa baita. Jakina da, aspalditik, hizkuntza normalizazioan, instituzioen eta herritarren borondatea eta parte hartzea nahitaezkoa dela”.
Egitarau zabala
Jarraian, egitaraua eskuan hartu eta azaroaren 15ean zer eskainiko den azaldu du.
Batetik, azaldu duenez, "joan den 20 urteetako bilakaera begiratu nahi dugu azterketa soziolinguistikoen datuak kontuan harturik. Bereziki herritarren jarrera begiratu nahi dugu. Datu horien berri Jon Aizpuruak eta Julen Calvok emanen digute".
Era askotako gaiez hausnartuko da: batetik, transmisioaren inguruan gogoeta egiteko bide jarriko digu Paula Kasaresen tesiak: "Euskaraz hazi Nafarroan"; bestetik, euskarari buruz ematen dugun mezua eta jendearengana iristeko egiten duguna izanen dute hizpide ondoren. Alemanen hitzetan, "dibulgazioaren beharra, topikoen indarra eta besteren inguruan gogoeta egiten lagunduko digu Xamarrek".
Xabier Eritzek, aldiz, "euskarara nola ekarrarazi jendea, nola saldu euskara gure inguruan..." gaiaren inguruan arituko da.
Mahai-inguruari dagokionez, euskalgintzako lau taldetako ordezkariak izanen dira. "Bakoitza, bere arlotik, beharko eta nahiko genukeen hizkuntza politikaz ariko zaizkigu. Euskalgintzako talde hauek, beren eguneroko lanarekin euskararen indartzean eta sendotzean ikaragarrizko ekarpena egiten dute, eta ongi dakite hizkuntza politika egokiak beren lanaren uzta emankorragoa izan dadin zenbateraino lagun dezakeen".
Amaitzeko, azkenaldian motibazioa, transmisioa edo erabilera lantzeko eta sustatzeko egiten ari diren zenbait egitasmo ezagutuko ditugu: Ze Berri? aldizkaria, Nafarroako ondare ez materialaren bilketa, Irunberriko ikastolako haurren irratia...”
Izen-ematea
Izen ematea doakoa izango da. Izena emateko sakatu hemen.
Comments