Andres Urrutia edizioaren arduradunak eta Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendariak aurkeztu dute lana, Euskaltzaindiaren egoitzan.
Andres Urrutiaren esanetan, Eguzkitza izan zen "euskarazko lehen saiakeraren egilea: Gizarte auzia (1935) eta sermolari aitortua izan zen. Aitortza honen lekukotasuna eta emaitzak dira orain bildu direnak Jarein bilduma honetara, Labayru Ikastegiaren bultzadaz. Hortaz, hark utzitako sermoi andanaren hautaketa egin eta hauek eskaini dira, ohar eta guzti. Orobat, emaniko hitzaldiak, Eguzkitzaren lana osoturik gera dadin".
Jarraian, ahozkotasunaren eta erretorikaren garrantzia azpimarratu ditu. Biak ala biak ondo ezagutu zituen Eguzkitzak, "eta beti gorde zuen grina hori. Hasiera-hasieratik gogoetatu zuen gai hauen gainean, Vitoriako Abade Mintegian eman zuen Ikasturte Hasierako ekitaldian (1903). Horren segidan eta Lekeition jada, etengabe uztartu zituen erretorika sakratuaren baliabideak, XIX. mende hondarrean eta XX. lehen herenean baliagarri zirenak, euskarak garai berean izan zuen berpizte aldiarekin".