Euskarak Nafarroan izan duen iragana eta egungo egoera aztertu dituzte, eta etorkizunari buruz hausnartu. Era berean, azken urteetan egin diren eta egiten ari diren egitasmoen berri jaso da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak, José Iribas Nafarroako Gobernuaren Hezkuntzako kontseilariak eta Jean-Baptiste Coyos Jagon sailburuak hasiera eman diote egitarauari, eta jardunaldiaren helburua azaldu.
XVI. Jagon Jardunaldiak: Hitzaldiak
GOIZEKO SAIOA
Jon Aizpurua eta Julen Calvo. Hurbilpen soziolinguistikoa: euskaldunen ezaugarriak eta jarreren bilakaera, 1991-2011
- Jon Aizpurua: Euskarari buruzko jarrerak eta pertzepzioak Nafarroan, inkesta Soziolinguistikoaren arabera.
Saioan zehar, Inkesta Soziolinguistikoan jasotako datuak erabili ditu Jon Aizpuruak. Laburbilduz, Aizpuruak azaldu bezala, 16 urte edo gehiagoko nafarren % 37,7 euskararen erabilera sustatzearen alde dago, % 27,8 ez alde ez aurka, eta % 34,5 aurka dago. Azken 20 urteotan, euskararen alde daudenen ehunekoak 16 puntu egin du gora, eta beste horrenbeste egin du behera euskara sustatzearen aurka daudenena.
Jarrerari buruzko emaitzetan eragiten duen aldagai nagusietako bat hizkuntza-gaitasuna da. Izan ere, elebidunen artean % 88,7 daude euskararen erabilera sustatzearen alde eta erdaldunen artean % 27,8.
Euskarari buruzko pertzepzioei dagokienez, Nafarroako biztanle gehienek (% 79) uste dute gizartean bi hizkuntza izatea ez dela arazo iturri eta ona dela umeek eskolan euskara ikastea (% 82). Euskara gaztelania bezain aberatsa dela % 43k pentsatzen du.
Azkenik, nafarren % 68k uste du euskara ez dagoela galtzeko arriskuan, baina % 59ri irizten zaio euskarak ez duela inoiz gaztelaniak duen indarra izango.
- Julen Calvo: Euskaldunen ezaugarriak eta jarreren bilakaera Nafarroan 1991-2011
Nafarroan euskaldunen ezaugarriak eta jarreren bilakaera ezagutzeko eta osatzeko iturri ezberdinak daude. Horiek guztiak aipatu ditu Julen Calvok:
- Zentsoak: 1991 eta 2001. Azken zentsoa 2011 eta 2012an egin da eta datuak 2013ko azaroan eskuratu dira. 2014ko lehenengo sehilabetean aztertu, landu eta aurkeztuko dira.
- Padroiak: 1986 eta 1996.
- Inkesta soziolinguistikoak: Nafarroako Gobernuak 1990ean, 1992an, 2003an eta 2008an egindako ikerketak. 2013ko azaroan martxan jarri da azken ikerketa eta datuak Aste Santurako argitaratuko direla aurreikusten da. Eta Eusko Jaurlaritzak 1991n, 1996an (Nafarroako Gobernuak ikerketa honetan parte hartu zuen), 2001ean, 2006an eta 2011n egindako ikerketak.
Ikerketa eta operazio estatistika hauen bidez aldagai hauek neurtu dira Nafarroan: ezagutza, erabilera eta jarrerak eta iritziak.
Paula Kasares: Euskaraz hazi egungo Nafarroan
Paula Kasaresek Nafarroako historia hurbilean (1970etik 2012ra) euskararen belaunez belauneko jarraipena nola gauzatu den, eta egungo haur nafarrak zer egoeratan bilakatzen diren aztertu du.
Kasaresek azaldu duenez, bere ikerlanaren landa ikerketek erakutsi dute Nafarroako euskararen historia hurbila ez dela lineala edo etengabea; "aitzitik, hizkuntzaren galtze eta berreskuratzea gertatu da, mintzairaren belaunez belauneko segidak hausturak nahiz estekadurak izan ditu, eta jarraipenarekin batera etena ere ageri da".
Adierazi duenaren arabera, "Nafarroako euskararen belaunez belauneko jarraipenak hiztunen hizkuntza-sozializazio prozesua izan du euskarri. Hizkuntza sozializazioak hiztunen bizialdi osoa, ez haurtzaroa soilik, hartzen du. Euskarak ez dirau Nafarroan guraso euskaldunek beti ume euskaldunak hazi dituztelakoz, hainbat nafarrek euskararen aldeko atxikimendu eta hautuak egin dituztelakoz baizik".
Hiztunak -gaineratu du- euskararen jarraipenaren eraldatzaileak izan daitezke eta haurrak, hizkuntzaren segidan jasotzaile hutsak baino gehiago, eragile aktiboak eta hizkuntzaren historiaren eratzaileak dira. "Beraz, egun Nafarroan euskaldun izatea hautua da. Aukera hori hiztunek berek egiten dute mintzairarekin eratzen dituzten atxikiduren bidez".
Juan Karlos Etxegoien Xamar: Euskara Jendea dokumentalak: dibulgazioaren beharra
Xamarrek esan duenez, mintzairak kulturak dira. "Kulturak urtez urte, mendez mende, sortu eta garatu dira. Normalean, kultura baten iragana aztertua eta erakutsia zaie hurrengo belaunaldiei, hobeki konpreni dezaten haien jarduera non kokatzen den, nolakoa den haien kultura. Herri normalizatuetan transmisio hori babestuta eta sustatuta dago legez, irakaskuntzan bereziki curriculumaren bidez, eten kaltegarria gerta ez dadin".
"Honen guztiaren -ia– nahigabeko ondorioa kultura hori garatzen den hizkuntzarekiko motibapena lantzea da, haren etorkizunean dudarik ez sortzeko moduan. Aldiz, desegituratuta dauden herrietan, jatorrizko mintzairaren kultur transmisio hori zaildua izan zen, are ezinezkoa bilakatu zuten, beste hizkuntza batean dena babesa, erreztasuna eta beharra delarik". Eskoletan ez dago oraindik euskal curriculumik, azpimarratu du, "eta horrek euskara bakarrik "elkarrekin komunikatzeko" kondenatzen du, kasurik hoberenean".
Hortaz, nola landu euskararekiko motibazioa egoera honetan? Xamarren iritziz, "gainerakoek egiten duten bezala, diskurtso sendo bat eraikitzen jatorrizko kulturarekiko eta horretarako aditu mailan arrunta den jakintza zabaldu behar da herritarren artean, bertzeak bertze".
Eta hauxe erantsi dio esandakoari: "Euskal Herrian gainera, aipatutako egoerak, hezkuntza propioaren faltak, bere kulturarekiko/ hizkuntzarekiko herritar gehiengoaren ideiak arras azalekoak, are funts gabeko topiko okerrak izatea ekarri du, Herriaren irudi desitxuratua gailentzen delarik".
Honek guztiak erakusten du dibulgazioaren beharra. "Adituen ikerketak goi irakaskuntzan erakusten dira, baina ideia nagusiak, interesgarrienak, herritar/ hiztun ororen esku utzi beharra dago, Euskararekiko motibapena, diskurtsoa, sendoago, osotuago eta osatuago izan dadin".
Xabier Erize: “Enpresen munduko kontzeptuak hizkuntzaren sustapenean aplikatuak”
Erizeren hitzaldiaren helburua enpresen munduko (management) kontzeptuak hizkuntzen plangintzaren eremura aplikatzea izan da. Gutxitan landu da arlo hori soziolinguistikan.
Honela azaldu du: "Eman dezagun euskalgintza (erakunde eta pertsona guztien multzoa, herri ekimenekoak zein instituzionalak) merkatuan lehiatzen ari den enpresa bat dela. Euskalgintzak “saltzen” duena euskara da, bere modalitate eta inplikazio maila guztietan".
Azaldu du hizkuntzaren erakundeen arrakastaren gakoa bezeroen nahi eta behar linguistikoak asetzeko gaitasunean egongo dela, "haien bezeroak herritar guztiak (euskaldunak nahiz gazteleradunak edo frantsesdunak) dira".
Hortaz, "Euskararen munduak erantzun sendoa eman behar dio herritar bakoitzaren oinarrizko galdera honi: “Zergatik erosi behar dizuet nik euskara?”. Pertsona horrek erantzun sendoa aurkitzen badu, erosiko du euskara; baina erantzuna ahula gertatzen bazaio, ez du erosiko, edo gutxiago erosiko du, edo erosteari utziko dio. Herritarren nahi eta balio linguistikoak ez dira suposatutzat eman behar, galdetu eta ikertu behar dira. Ikuspegi honen arabera, herritarra bere erabaki linguistikoen subjektua da.
Horrela ulertuta, managementek besteekin zer nolako harremanak izaten dituzten galdetzera eramaten gaitu, euskalgintzan maiz alderantzizko ikuspegia gertatzen den bitartean: besteek zer egin behar duten aldarrikatzea. Horrek ikuspegi aldaketa ekartzen du, geure buruari begiratzea eta galdetzea, ez bakarrik kanpoko faktoreei".
Mahai-ingurua: Aurrera begira, Nafarroan euskara indarberritzeko zein hizkuntza politika?
Euskalgintzako lau taldetako ordezkariak izan dira mahai-inguruan: Ainhoa Urretagoiena euskarazko hedabideen izenean; Garikoitz Torregrosa, Sortzen-eko ordezkaria; Iñaki Lasa, Kontseilukoa; eta Mikel Belasko, Nafarroako Ikastolen Elkartekoa. Bakoitza, bere eguneroko lanean, euskararen indartzean eta sendotzean egiten duten lanaz aritu dira.
ARRATSALDEKO SAIOA
Arratsaldean, hainbat esperientzia aurkeztu dira. Hauek izan dira: Ana Mindegia, Ze Berri? komunikabidearen izenean; Gaizka Aranguren, Labrit-zen izenean; Javier Fernandez, Euskarabidearenean; Joxerra Olano, Bai Euskararirenean; Oskar Zapata, Karrikaluzerenean; Txomin Uharte, Arangoiti Ikastolarenean (Irunberri); eta Xabier Epaltza, Euskara Kultur Elkargoaren izenean.
Ze Berri? 1994. urtean sortutako aldizkaria da. Kudeaketaren ardura Uharteko Udalak du, eta 36 toki entitatek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak hartzen dute parte egitasmo honetan.
Ana Mindegiaren esanetan, Ze Berri? ez da -aldizkaria den aldetik- komunikabide soila, sentsibilizazio kanpaina bat baizik, etengabea eta egoera berrietara egokitzen dena".
Labrit ahozko kulturaren aztarnak jarraitzen dituen enpresa da. Aztarna horiek bildu eta komunikatzeko bideak lantzen ditu. Transmisio ereduen artean, dokumental etnografikoak garatzen dituzte, eta turismo irizpideduna ere asmatu dute filosofia horri jarraikiz: Labritours.
Gaizka Arangurenen hitzetan, “Labritek bere sorreratik Kultur Ondare ez-materialaren bilketa eta transmisioa izan ditu xede nagusi. Transmisiorako egitasmo asko jarri ditugu martxan dagoeneko, dokumental etnografikoak, unitate didaktikoak, webguneak, liburuak, jaialdi... baina, orain arte ez diogu gure jaioterriko kaleek kontatu dezaketen ondare ez-materialari erreparatu”.
Karrikaluze Atarrabiako euskaldunon topagunea da. 1998. urtean sortu zen, eta gaur egun 170 bat bazkide ditu. Oskar Zapataren esanetan, "Karrikaluze Atarrabiako gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko saiakera da. Gazteen hizkuntza ohituretan eragiteko, denboran luzatuko den eta jarduera jarraitua duen egitasmoa behar dugu".
Hala, egitasmoaren helburu nagusiak euskaldunak batzea, artikulatzea eta aktibatzea, eta da, euskaraz bizitzeko uneak eta guneak sortzea eta irabaztea da.
Arangoti Irratia, 1980-81 ikasturtean jaio zen Arangoti Ikastolak sortua da. Uharteren esanetan, "irratiaren bitartez, zokoan utzitako ahozkoari garrantzia eman nahi izan zaio. Oro har, ikasleen proiektuak, kezkak eta lanak, ahozko komunikabide baterako prestatu eta argitaratzea izan da helburu nagusia".
"Aro digitalera -esan du Uhartek- egokitu behar izan dugu eta lainoa euria esan nahi ez duen horretara moldatu ISSU, Podomatic… eta horrelako euskarri digitaletara moldatu".
Bai Euskarari: Barañaingo esperientzia. Hamabi urteko ibilbidea, 2001etik 2013ra artekoa, laburtzen saiatu dira, noiz eta nola jarri zuten abian Nafarroako hirugarren udalerrian euskararen erabilera handitzeko proiektu hau, norekin aritu diren bide luze honetan eta zer baliabide izan duten eskura.
Barañaingo Udala eta IKAko Sahats euskaltegia garatzen ari dira proiektu hau.
Euskarabidea. Nafarroako Euskararen Mediateka laurogeita hamarreko hamarkadan sortua, Fonoteka izenez bataiatu zen. Nafarroako euskalki desberdinetan ekoiztutako mota guztietako materiala biltzea eta sailkatzea du helburu, material hori adituen nahiz jende guztiaren eskura jartzeko.
Mediatekaren historia eta bertan diren edukien berri eman da. Euskarabideak aurrera begira dituen asmoen azalpena ere egin da, hala nola, aurten jasotako lanen sailkatze eta egokitzea; esaldi, kopla eta biraoen bilduma zenbait laginekin indartzea...
Euskara Kultur Elkargoa Iruñean sortu zen, 1998. urtean, eta Nafarroan euskara eta euskal kultura bultzatzea du helburu. Ekintza kulturalak antolatzen ditu, hala nola mahai-inguruak, foroak, hitzaldiak, topaketak, liburuen argitalpenak, emanaldiak. Bestalde, deialdiak eta lehiaketak egiten ditu, euskarazko sormena bultzatzeko Nafarroako ikasle eta gazteentzat.
Artekaria ekimena abian jarri du (aholkularitza legala) Nafarroako euskal hiztunen komunitatearen eskubideak zaintzeko eta bermatzeko. Sarea ere sortu du (www.euskarakultur.org), Nafarroan euskara eta euskal kulturarekiko egiten denaz -eta egiten ez denaz- informazio zehatz eta mugatua emateko. Nazioartean hizkuntz minorizatuen foroetan parte hartzen.
Egunari amaiera emateko, Sagrario Aleman Sustapen batzordeko buruak eta Erramun Osa idazkariak ondorioak irakurri dituzte.