Esan bezala, azaroan zehar ospatzen ari dira Katedraren 50. urteurrena. Hala, "Acércate a la cultura vasca" izenburupean, sei hitzaldi egin dituzte. Besteren artean, hilaren 6an, Sagrario Aleman euskaltzainak parte hartu zuen, "Nire Kabi beroa" hitzaldia emanez.
Datorren 27rako, aldiz, saio berezia antolatu dute Nafarroako Unibertsitatean. Hasteko, Duguna dantza taldearen emanaldia izango da, eta ondoren "Impulso a la cultura vasca en el siglo XXI" izenburupean, mahai-inguru bat egingo da. Bertan, Andres Iñigo Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariak hartuko du parte. Berarekin batera, hauek izango dira: Maximino Gómez, Euskarabidearen zuzendari kudeatzailea; Aizpea Goenaga, Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria; Iñaki Dorronsoro, Eusko Ikaskuntzako presidentea; Susana Irigaray, Jose Miguel Barandiaran Fundazioko idazkaria; Michel Duvert, Baionako Museoko Adiskideen Elkarteko presidentea; eta Mari Mar Larraza, Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedrako zuzendaria.
Ondoren, Ana Etxaideri omenaldia egingo zaio, Manuel Casadoren eta Asier Barandiaranen eskutik. Amaitzeko, Jesus Guridiren abestien errezital bat eskainiko dute Nerea Berraondo mezzosopranoak eta Maite Ascunce piano-jotzaileak.
Euskal Hizkuntza eta Kultura Katedra 1963ko azaroan sortu zen, garai hartan Filosofia eta Letretako dekanoa zen Antonio Fontanen ekimenez. Hilabete batzuk geroago, 1964ko otsailean, José Miguel Barandiaran euskal arkeologo eta etnologoaren eskutik abiatu zen. 70eko hamarkadaren erditik aurrera, Ana Etxaide euskal filologoak Katedraren zuzendaritza hartu zuen, euskalkiak berreskuratzeko beste lan ildo bati ekin zion eta euskal hizkuntzalaritza ikasketa planetan sartu zuen.