Esan bezala, Zuzendaritzako kide guztiak izan dira: euskaltzainburuaz gain, Xarles Videgain buruordea, Xabier Kintana idazkaria, Sagrario Aleman diruzaina, Adolfo Arejita Iker sailburua, Jean-Baptiste Coyos Jagon sailburua, Joseba Zabaleta kudeatzailea eta Erramun Osa idazkariordea.
Euskaltzaindiaren Bibliotekan izan dira bisitariak, eta bertan liburu batzuk erakutsi zaizkie. Besteren artean, Joanes Leizarragaren Iesus Christ gure Iaunaren Testamentu Berria (1571), Johannes Dullaerten Questiones super duos libros Peri hermenias Aristotelis (1509), Pedro Axularren Guero: bi partetan partitua eta berecia (1643), edota Arnaut Oihenarten Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae (1656) liburuak ikusi dituzte.
Horren ostean, batzarra egin dute. Hori amaituta, komunikabideen aurrean agerraldia egin dute eta Andres Urrutiak eta Iñigo Urkulluk hartu dute hitza.
Lehendakariaren bisita eskertu ondoren, Euskaltzaindiaren estatusa eta nortasuna aldarrikatu ditu euskaltzainburuak. "Estatusak -esan du- hala ere, ez dakar besterik gabe itzala eta sina euskaldunen artean, egunero landu behar baita hori gizarteari zerbitzuak eskaintzen eta euskararen inguruko ekimenak atontzen eta aurrera eramaten".
"Irradan, abiadan doan erakundea, euskararen eta euskalgintzaren onerako", da Euskaltzaindia, Andres Urrutiak esan duen bezala. Eta jarraian, krisi garaian ere, lankidetarako deia egin du: "Ez dira oraingoak langintza horretarako aldi errazak. Hain justu ere, krisi egoera honetan are gogotsuago eta burutsuago jokatu behar du Euskaltzaindiak, diru eskasiak sortzen dituen arazoak kudeaketa eragingarri eta garden baten bidez gainditzeko".
"Badakigu -gaineratu du- horretarako esfortzu berezia eskatu behar diegula administrazio publikoei, batez ere aurrekontuak moldatzeko garaian. Eskertuta daude, bestalde, behin eta berriro lagundu dutelako gure ekintzabidea. Aurrerantzean ere hala gerta dadila eskatzen diogu gaur Eusko Jaurlaritzari, gure aldetik ere, zin-zinezko engaiamendua hartzen dugula, alegia, gero eta gizarterago, gero eta balio gehiago eransteko euskal gizarteari, euskararen ikuspegitik".
Euskaltzaindia "erreferentziazko erakundea" dela esan du Iñigo Urkulluk, "herri-aginteentzat ez ezik, esango nuke euskararen esparruan ari diren gizarte-eragile ororentzat dela. Euskararen biziberritze sozialaren aldeko jarduera guztien oinarrian, ezinbesteko baldintza izan delako corpus estandarizatua eta aurreratua izatea".
Bestalde, lehendakariaren esanetan, "euskara eta hizkuntza-bizikidetza lehentasunezko esparruak dira Eusko Jaurlaritzaren gobernu-ekintzan. Hizkuntzen bizikidetza gizarte-bizikidetzaren zati banaezina delako. Bizi dugun hizkuntza-egoera desorekatuan -gaineratu du-, bi hizkuntzen berdintasun sozialerantz gerturatzeko egiten dugun ahalegin oro, herritarren arteko berdintasunaren aldeko pausua da".
Amaitzeko, aurtengo abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Jaurlaritzak Jean Haritschelhar zena gogoan izango duela iragarri du Urkulluk: "Horrenbeste urtetan Akademiaren kide, buruorde eta buru izandako euskalari handia. Uste dut Euskaltzaindiaren lantegi erabakigarri honetan eginkizun garrantzitsua bete zuela eta, beraz, merezi duela Euskararen Egunean gu guztion aitortza jasotzea".