Euskaltzaindiko kideekin batera, Patxi Baztarrika, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Xabier Epaltza, Euskara Kultur Elkargoaren presidentea; eta Allende Boutin, Euskararen Aholku Batzordeko kidea izan ziren.
Izaskun Bilbao eurodiputatuaren ekimenez, euskararen munduko zenbait eragile eta agintarik osatutako ordezkaritza taldea izan zen atzo Europar Parlamentuan. Guztien artean, euskara biziberritzeko eta hizkuntza gutxitu baten hiztun kopurua handitzeko egin den lana aurkeztu zen.
Agerraldian, Euskal Erkidego Autonomoan, Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian dauden politikak eta emaitzak alderatu ziren. Desagertzeko arriskuan dauden hizkuntzen biziraupena bermatzeko, hiru alderdi aipatu zituzten hizlariek: legezko babesa, hiritarren atxikipena eta hizkuntza politikaren engaiamendua.
Euskaltzaindiaren buruak eta buruordeak erakundearen historia, ibilbidea, nortasuna, egitasmoak eta erronkak, besteak beste, izan zituzten hizpide.
Euskararen egoeraz ere aritu ziren, eta euskara batuaren garrantzia aldarrikatu zuten: “Euskararen batasun prozesua izan da, hizkuntzaren aitorpen ofizialarekin batera, euskara bera berreskuratzeko eta biziberritzeko oinarrizko faktorea”.
Erakunde eta elkarte askoren lanari esker, gaur egun euskara sona handiko hizkuntza dela baieztatu zuten, eta babes sozial zein instituzional handia duela gaineratu. “Berreskuratze eta modernizatze prozesu honetan -esan zuten- Euskaltzaindiaren eginkizuna ezinbestekoa izan da”.
Ikusi hemen Andres Urrutiaren eta Xarles Videgainen adierazpenak
Ikusi hemen Patxi Baztarrikaren adierazpenak
Ikusi hemen Xabier Epaltzaren adierazpenak
Ikusi hemen Allende Boutin adierazpenak
Ikusi hemen Izaskun Bilbaoren adierazpenak