Zarauzko Udalak eta "Montxia" Bertso Eskolak ondoko erakundeak izan dituzte alboan, mendeurrenaren egitaraua prestatzeko: Zarautz Abesbatza, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea, Foru Aldundia eta Euskaltzaindia. Esan bezala, Akademia etzi izango da Zarautzen.
Euskaltzaindiaren osoko batzarra ostiralean izango da, beraz, 10:00etan, Udaletxeko Pleno Aretoan, eta leku berean egingo da ageriko bilkura, 12:00etan. Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiera emango diote ekitaldiari. Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzain eta Akademiaren Herri Literatura batzordeko kideak "Basarri 1931-1943" hitzaldia emango du, eta Xabier Euzkitze batzorde bereko kideak Basarriren bertsoak kantatuko ditu, ekitaldian zehar.
Bilkura horretan ere, Basarriren senideei oroitarri bat emango zaie. Amaitu ostean, Inazio Eizmendiren omenezko plaka bat zabalduko da Azken Portun, bera bizi izan zen etxe aurrean.
Erakusketa eta Basarritik azken portura ekitaldia
Bestalde, Zarauzko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak elkarlanean prestatu duten Basarriri buruzko erakusketa gaur zabaldu da, Sanz Enea Kultura Etxean.
Eta ostiralean, gaueko 22:00etatik aurrera, Basarritik Azken Portura ekitaldia egingo da, Aritzbatalde kiroldegian. Bertsoa, irudia, musika eta antzerkia uztartzen dituen ikuskizuna izango da eta "Motxian" Bertso Eskolak antolatu du.
Xabier Etxeberriak egin du gidoia eta Patxi Santamariak eta Ainhoa Alberdik aktoreek gidatuko dute emanaldia. Besteak beste, Uxue Alberdi, Andoni Egaña, Imanol Lazkano, Aitor Sarriegi eta Felix Zubia bertsolariek parte hartuko dute; Joxemari Iriondo eta Joxerra Gartzia gai-jartzaile arituko dira. Horrez gain, Basarriren bertso jarri batzuekin saio musikatu txikia eskainiko dute Agosti Aranburu, Xabier Etxabe, Iñigo Mazisidor "Mantxi" eta Skasti taldea.