Edizio berriaren bitartez, Euskal Herrian bizi diren hiritar berriei hurreratzeko saiakera egin nahi da, euskaratik zein euskal kulturatik.
Ekitaldian hauek izango dira: Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana Akademiako idazkari eta edizioaren arduraduna. Xabier Kintanak, bere hitzaldia amaitzeko, euskaraz irakurriko du "Kontrapas" poema. Irakurraldi hori osatzen izango dira liburuaren itzultzaile Joan Martí i Castel (katalanaz) Manuel González (galegoz), Delia Mihaela Cristea (errumanieraz), Fang Xiao (txineraz), Shaalan Hares (arabieraz), eta, kitxuarazko itzultzaileak bertaratzerik ez duenez, Verónica Yuquilema, Mondragon Unibertsitateko ikaslea.
Baina, horrezaz gainera, Legebiltzarrean "Babel" txiki bat eraikitzeko lana bururatzeko, Mikel Morris, Karmele Jaio, Julia Brade, Simon Lambert eta Giovanni Zanonen bideoek aukera emango digute "Kontrapas" entzuteko ingelesez, gaztelaniaz, alemanez, frantsesez eta italieraz. Etxepareren "Kontrapas" poema 12 hizkuntzatan aurkeztuko da. Bukatzeko, bestela ezin eta, Leteren eta Martikorenaren ahotsak entzungo dira, haiek testu horretaz egindako musika-egokitzapen ezaguna kantatzen.
Azkenean, bere irudien bidez, Jean Haritschelhar zena gogoratuko da. Jean Haritschelhar euskaltzain eta euskaltzainburu ohia irailaren 1ean hil zen, 90 urte zituela. Idazlea, euskaltzalea, euskaltzaina, hogeita lau urtez euskaltzainburuorde eta hamasei urtez euskaltzainburu izan zen.
Aspaldiko elkarlana
Etxepareren liburuaren inguruan bi erakundeen arteko elkarlana aspalditik dator. Hala, 2011ko otsailetik martxora arte, Euskara jalgi hadi plazara erakusketa antolatu zuten Legebiltzarrak eta Akademiak. Bertan, Bernat Etxepareren 1545eko Linguae Vasconum Primitiae liburuaren ale originala erakutsi zen lehenengo aldiz Euskal Herrian; liburua Frantziako Biblioteka Nazionalean dago, Parisen.
Erakusketa horren ondorioz sortu zen liburuaren edizio berria egiteko asmoa, bost hizkuntzatara itzulitako Linguae Vasconum Primitiae egitea, 2011ko abenduan aurkeztu zena. Jatorrizko testuaz gain, oraingo ortografiarako egokitutako euskarazko bertsioa ere bazuen edizio horrek, baita gaztelaniazko, frantsesezko, ingelesezko, alemanezko eta italierazko itzulpenak ere. Orduan ere, liburuaren koordinatzailea eta edizioaren arduraduna Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkaria izan zen.