Hizkuntzaren gobernantza
Euskaltzaindiaren sorreraz, historiaz eta egitasmoez mintzatu da euskaltzainburua eta aurrera egiteko, kontzeptu berriak behar direla aldarrikatu du. "Bi puntu gogoratuko ditut -esan du- corpus planning, euskararen batasuna, huts-hutsean egin ezina dela status planning egin gabe. Bigarrenez eta bide beretik, nire/gure buruari galdetuko diot XXI. mende hasieran barreiaturik dagoen beste kontzeptu bategatik, alegia, hizkuntzaren gobernantzatik. Hartara, euskararen gobernantzan aritu behar da Euskaltzaindia, bere lanak, corpusarenak zein bestelakoak egiten dituenean."
Eta gaineratu du: "Horrexegatik amaitu nahi dut etorkizuneko egitasmoa formulatzen, eta aipagarri izan daitekeen dakigunetik ez dakigunera hori, diglosiatik gobernantzara bihurtuko dut, euskara bera ere gutxiengoko izatetik gizartearen gobernantzan kontuan hartzeko modukoa izatera igaro dadin/igaro dezagun".
Ekitaldi berean, Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak “La langue Basque en Europe. Politiques linguistiques” hitzaldia eman du. Marta Marin Euskadiren Europar Batasunerako ordezkaria eta Izaskun Bilbao eurodiputatua lagun izan dituzte mintzaldian. Amaieran, Cyrus Suttonen Homeland dokumentala ikusi ahal izan da.
Aurtengo egitaraua Etxepare Euskal Institutua eta Fédération des Jeunesses Musicales Wallonie-Bruxelles erakundeek prestatu dute, elkarlanean, eta ondoko erakundeen laguntza izan dute: Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaritza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saila, UPV-EHUko Mikel Laboa Katedra, Euskadiko Filmategia, Euskal Kultur Erakundea, Donostia 2016 eta Euskaltzaindia.
“Fenêtre Ouverte” jaialdiaren helburu nagusia euskal kulturaren aniztasuna eta adierazpen artistikoak ezagutzera ematea da. Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, Aurelia Arkotxa idazle eta euskaltzainak euskal literaturari buruzko hitzaldia emango du Point Culture gunean. Streaming bidez zabalduko da.