Hitzarmen horren bitartez, El Correok eta Euskaltzaindiak lankidetzarako proiektu zehatzak bideratu eta garatuko dituzte euskararen eta euskal kulturaren esparruan. Bi erakundeak elkarlanean arituko dira, bereziki, euskararen normalizazioarekin zerikusia duten proiektuak egiteko, Euskaltzaindiak euskararen inguruan ezartzen dituen arauak hedatzeko, eta arau horiek komunikabideetara egoki transmititzeko.
Bestalde, hitzarmen horren ondorioz, El Correo egunkariak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu 2013. urtean euskaraz argitaratu dituen testu guztiak, eta orobat, hitzarmenak indarra duen bitartean euskaraz sortuko dituen guztiak. Testu horiekin, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatuko du. Egitasmo hori UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin garatzen ari da Akademia.