Zarauzko Udalaren eta "Montxia" Bertso Eskolren ekimenez antolatu zen urte osoko omenaldia. Ondoko erakundeak izan dituzte alboan, mendeurrenaren egitaraua prestatzeko: Zarautz Abesbatza, Eusko Ikaskuntza, Bertsozale Elkartea, Foru Aldundia eta Euskaltzaindia. Esan bezala, Akademia gaur izan da Zarautzen.
Euskaltzaindiaren osoko batzarra goizeko 10:00etan izan da, Udaletxeko Pleno Aretoan, eta leku berean egin da ageriko bilkura, 12:00etan. Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak hasiera eman diote ekitaldiari. Joxe Mari Iriondo ohorezko euskaltzain eta Akademiaren Herri Literatura batzordeko kideak "Basarri 1931-1943" hitzaldia eman du, eta Xabier Euzkitze batzorde bereko kideak bertsoak kantatu ditu, ekitaldian zehar.
Bilkura horretan ere, Basarriren senideei oroitarri bat eman zaie. Amaitu ostean, Udalak Euskaltzaindiari plaka bat eman dio. Honela dio: "Zarauzko Udalak Euskaltzaindiari. Inazio Eizmendi BASARRIren jaiotzaren mendeurrenean. Zarautzen, 2013ko azaroaren 27an".
Ondoren, Sanz Enea Kultura Etxean dagoen Basarriri buruzko erakusketa ikustera joan dira euskaltzainak. Erakusketa Zarauzko Udalak eta Eusko Ikaskuntzak elkarlanean prestatu dute.
Basarri 1913an jaio zen, Errezilgo Granada baserrian, baina zazpi urte zituela joan zen Zarautzera bizitzera. Zarautzen hil zen, 1999ko azaroaren 3an, 86 urte betetzear zegoela.
Basarri. Zarauzko berriak. 1931-1936 lanaren aurkezpena
Gaurkoan, 1931. eta 1943. urteen arteko Inazio Eizmendi Manterola Basarriren bizitzaren pasarte batzuk aipatu ditu Joxemari Iriondok, eta bertsolari, kazetari eta irrati esatari bezala, berak egin eta esandako batzuk ekarri ditu gogora. Bestalde, abenduaren 17an Basarri. Zarauzko berriak. 1931-1936 liburua aurkeztuko dela iragarri du, Auspoa bildumaren barruan.
Basarriren idazlanak 1931-1943 egitasmoaren barruan kokatzen da liburu hori, eta Iriondok esan bezala, datozen hilabeteotan argitara emango dute. “Izenburuak dioen bezala -azaldu du- aldi horretako bilduma dugu: 1931ko azaroaren 11n hasi eta 1943ko ekainera arte argitara eman zituen idazlanak bilduz. Eta horrela osatu dugu abenduaren 17an aurkeztuko dugun Basarri. Zarauzko berriak, 1931-1936 ere. Euzkadi egunkariko “Errijetatik”, eta El Día egunkariko “Euskal orrian” argitara emandako 80 kronika inguru dira”.
Behin baino gehiagotan esana du Joxemari Iriondok: “Batez ere bertsolaria zen Basarri”.
Zarauzko Azken Portu tabernan hasi zen bertsotan, eta 17 urte zituela, Zestoako plazan debutatu zuela ekarri du gogora. Ordizian bizi zen Erauskin Errotariarekin aritu zen egun hartan. “Ondoren, garai hartako Euskal Herriko bertsolari on guztiekin kantatu zuen, hamazazpi urtetan hasi eta 1970eko hamarraldira arte herriz herri etengabe ibiliz. Txirrita, Saiburu, Olegario, Prantxes tikia, Matxin Irabola, Sasi aita-semeak, Nekazabal, Exkerra, Euxebio Txapel, Kepa Enbeita Urretxindorra, Zepai…”. Uztapiderekin osatzen zuen bikotea ere aipatu du, jakina: “Uztapide izan zuen bertso-lagunik leialena, 1944-1945ean hasita. Biek elkar osatu eta edertzen zuten”.
Bertsolari eta kazetari ofizioz, hizketarako eta idazteko trebezia handia zuen. “Kazetari bezala beroa zen, ikaragarri beroa. Ez zuen aski notizia eman edo komentarioak egitea; bere iritzia eransten zion idazlanari. Politikoa izan balitz mitinlari bikaina, seguru asko; baina partiduko gizona zen, eta horrekin nahiko”.
Hizlari aparta
Hizlari gisa, “mintzalari onaren sena zuen. Bazekien hitza nola erabili, ahotsaren gora beherak egoki modulatu, ixilaldiak egin, eta bere jarduna dramatizatzen. Maisua zen bere gudalagunei hitz egiten ere, edo eta edozein bazkalondo edo jaialdiren ondoren neurri librean hitzak errimatuz mintzatzen. Bazuen adurra bere entzulea ahoa bete hortz edukitzeko, erabat txundituta”. Irratian egin zuen lanak ondo baino hobeto erakutsi zuen berak zuen dohaina.
Gerran ere, kazetari aritu zen Basarri. Joxemari Iriondok adierazi bezala, “lehenengo Ertzain eta gero Euzko gudarostean ibili zen garaian, gudako kazetaritza-lana egin zuen Basarrik, bera bezalaxe etsai askoz indartsuago baten aurka borrokan zebiltzan gudamutilak animatuz”. Eguna egunkarian, 1937ko apirilaren 8an argitaratu zen “Jeiki euzkoak, gora Euzkadi” idazlana irkurri du, horren froga.
Gerra amaitu ostean preso hartu zuten, eta “trabajadoreen bataloietara” eraman zuten. 1943an libre utzi zuten, eta Euskal Herrira itzuli zen, “zazpi urte luzeko amets gaiztoa gaindituta”.
Etxera itzuli eta bertsotan hasi zen, herriz herri. “Afizioz eta ofizioz, berriz ere idazle eta kazetari lanetan hasi zen, 1946ko udazkenean, Donostiako La Voz de España egunkarian, Bertsolari zaharren aipamen eta pasadizoak idazten zituen aldizka, jaien kontuak eta hola, baina artean ez herri kirolen konturik”.
“Handik aurrera -azaldu du Iriondok- urte askoan idatzi zuen La Voz de España, El Diario Vasco, Zeruko Argia, Goiz-Argi, Arantzazu eta herrietako aldizkarietan. Bere azkenengo idatzia, oker ez bagaude, 1994ko azaroaren 2an bidali zuen El Diario Vasco-ra. Urteen zamak eta osasunik ezak dena uztera behartu zuten”.