Poza eta esperantza adierazi dute bi sinatzaileek. Poza, euren aburuz, euskararen eta euskararen esparruan, mesedegarria izango delako gaur sinatu den hitzarmena. Eta esperantza, orain hasitako bideak, etorkizunean, emaitza onuragarriak emango dituelakoan daudelako. Andres Urrutiak El Correo egunkariaren garrantzia azpimarratu du, eta euskarari zein Euskaltzaindiaren zereginari emango dion proiekzioa nabarmendu. Eta Juan Carlos Martinezek berak zuzentzen duen egunkariak Akademiari zor dion begirunea aipatu du; hitzarmena, esan du, horren froga da.
Hitzarmen horren bitartez, El Correok eta Euskaltzaindiak lankidetzarako proiektu zehatzak bideratu eta garatuko dituzte euskararen eta euskal kulturaren esparruan.
Bi erakundeak elkarlanean arituko dira, bereziki, euskararen normalizazioarekin zerikusia duten proiektuak egiteko, Euskaltzaindiak euskararen inguruan ezartzen dituen arauak hedatzeko, eta arau horiek komunikabideetara egoki transmititzeko.
Bestalde, hitzarmen horren ondorioz, El Correo egunkariak Euskaltzaindiaren eskuetan jarriko ditu 2013. urtean euskaraz argitaratu dituen testu guztiak, eta orobat, hitzarmenak indarra duen bitartean euskaraz sortuko dituen guztiak. Testu horiekin, Akademiak Lexikoaren Behatokia deritzan egitasmoa garatuko du. Egitasmo hori UZEI, Elhuyar eta EHUko Ixa taldearekin egiten ari da Akademia.
Hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:
- Euskaltzaindiak El Correo egunkariak egindako kontsultak erantzungo ditu, galdera horiek arlo hauetakoak badira: euskarazko lexikoa, gramatika, onomastika (bereziki, toponimia), ortografia eta, oro har, euskararen araudiarekin zerikusia duten gaiei buruzkoak.
- Argitalpenen arloan, elkarlana bultzatuko da, eta baterako argitalpenak sustatuko dira.
- Bi erakundeek elkarrekin egingo dute lan, beren liburutegietako euskal funtsen kopurua aberasteko.
- Bi erakundeek lankidetza politika sustatuko dute, euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten ikastaroak, hitzaldiak eta programak sortu eta eman daitezen.
Helburu hauek lortzeko, El Correo egunkariak eta Euskaltzaindiak lau kideko Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena.