“Historiatik gatoz, gizarte zibiletik gatoz eta gizarte zibilarekin batera lan egin nahi dugu eta gizarte zibil horrek planteatzen dituen galdera, kezka eta premiei, gure ahalmen arabera, erantzuna eman nahi diegu”. Horrela adierazi du gaurko ekitaldiaren hasieran Andres Urrutia euskaltzainburuak. "Hau -gaineratu du- ez da egun bateko loraldia, luze joko duen bidea izango da”.
Izan ere, ekimenak jarraipena izango du, jardunaldi horren bitartez Euskaltzaindiak prozesu bati hasiera eman eta eztabaida aldia zabaldu nahi du eta. Zentzu berean mintzatu da Sagrario Aleman Sustapen batzordeko burua: “Honek segida izango du datorren urtean. Gaurkoa hasiera besterik ez da”.
Iazko udazkenean, Patxi Saez soziolinguistak Euskaltzaindiari eskari zehatza egin zion: azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatzeko prozesuan gidaritza har zezan. Bere ustez, azken 50 urteotan indarrean dagoen euskararen paradigma aldatu beharra dago. Euskararentzat dinamika berria sorraraztea beharrekotzat jotzen du eta Euskaltzaindia prozesu horren erdigunean kokatzen du.
Elkarlanerako prest
Akademiak eskaria entzun eta euskararen biziberritzearen inguruko hausnarketa bultzatzeko, jardunaldia egin du. Gaurko aurkezpenean, Sagrario Alemanek Euskaltzaindiak sorreratik bertatik Iker eta Jagon sailak dituela gogoan izan du eta ondoren honako hauxe esan: “Euskaltzaindiaren zereginetan badago hausnarketa egitea. Hau berezia da, proposamen batetik sortua baita. Eta guk baiezkoa eman dugu, beharrezkoa dugulako elkarrekin gogoeta egitea”. Hala bada, lankidetzaren beharra azpimarratu du, argi utziz “ez garela sartzen gurea ez den arlo batean". Berak baino lehen, euskaltzainburuak ideia bera azpimarratu du: "Ez gatoz inoren lekua betetzera. Jagon lana betetzera gatoz”.
Aurkezpenak
Patxi Saez bera izan da txostena aurkeztu duen lehena eta ondoren Bittor Hildago eta Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabal mintzatu dira. Hona ekarri ditugu euren aurkezpenak.
Patxi Saezen aurkezpena (PDF, 5,2 MB)
Patxi Saezen hitzaldi osoa irakurtzeko skatu hemen.
Bittor Hidalgoren aurkezpena (PDF, 9,1 MB)
Kike Amonarriz eta Jasone Mendizabalen aurkezpena (PDF, 410,3 KB)