Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeak egitasmo berri bati ekin dio, Euskal Literaturaren antologia bat moldatzea jomuga duena. Saran aurkeztuko dena egitasmo horren lehen liburukia da.
Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Karlos Otegi eta Jon Casenave batzordeko kideek egingo dute aurkezpena. Otegi, gainera, lanaren koordinatzailea da.
Euskal Literaturaren Antologia. Testuak eta argibideak. 1: Erdi Arotik Errenazimentura
Bilduma: Euskal Literaturaren Antologia
Egilea: Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa batzordeko kideak
Laguntzailea: Euskararen Erakunde Publikoa
Hizkuntza: Euskara
Prezioa: 18 €
Euskaltzaindiko Literatura Ikerketa Batzordearen egitasmo honek antologiaren esparruan ekarpen berri bat egitea du xede: orain artekoak baino osoagoa, landuagoa eta elkarlan handiagoko antologia eratzea.
Osoagoa, hau da, autore eta testu gehiago, euskalkien eta genero edo literatur praktiken ikuspegi zabalagoa jasoko duena.
Landuagoa, hots, testuen pilaketa soila gaindituz, testuen zehazte zorrotzagoa eta dagokien ingurune paratestuala, sarrerak, oin-oharrak eta bibliografia barne, bilduko dituena.
Lankidetzan egina, talde lanean erabakia eta elaboratua. Hiru ezaugarriok garrantzitsuak izanik ere, azkena azpimarratu nahi da. Honela, Antologia hau ikuspegi desberdinen emaitza da.
Espazio handiagoa, helburu berriak
Sarako 33. edizio honetako antolaketan aldaketa nabarmenak izan dira. Lehenbizi, antolatzailea ez da Sarako Turismo bulegoa izango, Sarako Biltzarra elkartea baizik. Elkarteak, bere ibilbide honen hasieran bi helburu finkatu ditu: gazte gehiago erakartzea eta euskararen presentzia indartzea.
Bestalde, Sarako Polikiroldegian Biltzarri eskainitako lekua handiagoa izango da: liburu berriak kontsultatzeko gune bat egongo da eta liburu aurkezpenak ere espazio bereiz baten egingo dira. Horretaz gain, erakusketa artistikoek eta haurrek txoko bana izango dute.