Egun horretan bertan, 15:00etan, batzordeak hileko bilera egingo du Irunen.
Jose Antonio Loidi 1916an sortu zen Errenterian. Hainbat alorretan egin zituen ikasketak: Farmazian, Optikan eta Akustikan. Farmazialari aritu ez ezik, urte luzez osasun alorreko elkarteetan jardun zuen lanean.
Hainbat aldizkaritan idatzi eta kolaboratu zuen: Egan, Zeruko Argia, Jakin, Olerti, Habe, La Voz de España, La Voz de Euskadi, Antzerti, Uranzu, El Bidasoa, Bidasoan, Acofar, Pliegos de Rebotica, Cuart creixent, La nova colleccio de lletres, Bidasoako Ikaskuntzen Aldizkaria, Aia, Oarso, Cuadernos de Hidrología. Literatur lanak zein artikuluak argitaratu zituen aldizkari horietan. Literaturaren esparruan batik bat euskal nobelagintzan eginiko ekarpenari esker da ezagun: 1955. urtean Hamabost egun Urgainen nobela argitaratu zuen, euskarazko lehen polizi-nobela, arrakasta handia izan zuena.
Bestalde, 70eko hamarkadan, literaturan eta osasun alorrean euskarazko jarduna sustatzearekin batera, beste hainbat esparrutara ere hedatu zuen euskaltzaletasuna: besteak beste, Irungo ikastolaren sorreran kolaboratu zuen; edo Loidik berak antolatu zuen Irunen Gerra Zibilaren ostean eginiko lehen euskal jaia, 1966. urtean.
Mendeurrenaren harira antolaturiko jardunaldi hauetan J. A. Loidik literaturan eginiko ekarpena ekarri nahi dute gogora Euskaltzaindiak eta Irungo Udalak. Euskaltzaletasunaren eta euskal kulturaren alde egindako lanaren ondorioz, 1957. urtean euskaltzain urgazle, eta 1998an ohorezko euskaltzain izendatu zuten.
Izen ematea
Ekitaldira joan nahi izanez gero, honako helbide edo telefono zenbakietan eman daiteke izena:
- 94 415 81 55 / 943 42 80 50 telefono zenbakiak
- info@euskaltzaindia.eus / donostiaordez@euskaltzaindia.eus