Ostiral honetan (uztailak 22), Euskaltzaindiak Osoko bilkura egingo du Gasteizen. Bertan, eta besteak beste, oinarrizko hiztegi juridiko-parlamentarioaren azken aurrerapenak aztertuko dira eta Euskal Hiztegi Historiko Etimologikoa (EHHE) aurkeztuko da. Bi egitasmoak mugarriak dira Akademiaren jardunean. Zentzu honetan, gogoratu behar da hiztegi juridiko-parlamentarioa osatzeko ahaleginak adostasun historikoa ekarri duela, bere garaian Akademiak eta Eusko Legebiltzarrak sinatutako akordioak bestelako atxikimenduak jaso dituelako harrezkero (hain zuzen, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiena eta Nafarroako Parlamentuarena).
Arabako Foru Aldundiaren egoitzan izango da bilera, Jose Antonio Agirre lehendakaria gelan (goizeko 10:00etan), eta, aurretik, Ramiro González Arabako foru diputatuak harrera egingo die euskaltzainei.