Gaur, urriak 6, Euskaltzaindiaren Hiztegia (II. argitaraldia) aurkeztu du Akademiak, Bilbon eta BBK Salan. Honela, bigarrenez dator erabiltzailearen eskura Euskaltzaindiaren Hiztegia. Oraingoan, alabaina, berritua eta zabaldua dator, aldian aldiko kontu esanguratsu batzuk barneraturik eta bereturik. Hortaz, “modernoagoa, aberatsagoa eta erabilgarriagoa izango da hiztegi berria”, egitasmoaren arduradunek prentsaurrekoan esan duten moduan. Akademiak urte luzetan ondutako ahaleginen emaitza, moldatua eta itxuratua da Euskaltzaindiaren Hiztegia. “Hartara, aspaldiko gogoa eta ametsa bete dugu, eta gure lexikografia proposamena gizarteratzen dugu berriro, ustez, bide errazak eta eragingarriak sortzen dituela euskara eta euskal kulturarentzat, halakoak plazaratzean”, azpimarratu du Andres Urrutia euskaltzainburuak.
Urrutiarekin batera, agerpenean izan dira Leire Aragon, BBKko Gizarte Ekintzaren zuzendaria; Andoni Sagarna, Euskaltzaindiaren Hiztegia (EH) egitasmoaren zuzendaria; eta Miriam Urkia, Hiztegi Batuko lantaldeko arduraduna.
Leire Aragonek aitortu du BBKk lehenengoko mementotik babestu zuela hiztegiaren proiektua, “ez baikenuen zalantzarik izan, gure helburuekin bat egiten duelako, hain zuzen, euskara zaindu eta zabaldu”. “Urteak daramatzagu gure hizkuntzaren alde lan egiten duten erakunde eta elkarteekin bat eginda, eta bide horretatik jarraituko dugu etorkizunean”, esan du banketxeko Gizarte Ekintzaren zuzendariak.
Andres Urrutia euskaltzainburuak hiztegi berri eta berrituaren onurak azpimarratu nahi izan ditu bere berbaldian: “Lehenengoz, Akademiak paperean eta euskarri digitalean eskaintzen du bere hiztegia. Honela, Akademian sartu nintzenetik neukan asmo eta konpromiso bat bete ahal izan dut: Euskaltzaindian ekoizten den material oro gizartearen eskura jartzea, eta, aurrerantzean ere, ildo horretatik jarraituko dugu”.
Hiztegiaren II. argitaraldia urte askotako “eta jende askoren” lana dela gogoratu du Urrutiak: “Aurrerantzean ere horrela egingo dugu lan, orain arteko proposamenak eta etorkizunean helduko direnak kontuan hartuta”. Hiztegi hau kaleratzea “kunplitutako amets bat” dela gaineratu du euskaltzainburuak, “hiztegi ortografikoa izatetik (Hiztegi Batua) hiztegi betea” izatera pasa baita, eta amaitu du esanez guztiok garela “hiztegi berri honen erantzule”.
Aurrekoaren bikoitza
Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehenbiziko edizioa 2012an argitaratu zen, paperean soilik, liburuki bakarrean. Oraingo hau askoz handiagoa da, lehenengoaren bikoitza, eta, gainera, paperezko bi liburukitan ez ezik Interneten ere kontsulta daiteke.
Euskara-euskara hiztegia da EH, eskaintzen dituena, artikulu bakoitzean, deskribatzen duen sarrera edo azpisarreraren kategoria gramatikalak, adierak, beren definizioekin, joskera-adibideak eta, dagozkionean, euskalki eta erregistro-markak, jakite-arloenak, erabilerarako beste zenbait ohar, eta, bizidunei dagozkienetan, baita taxonak ere. Hitzen artean kidetasunen bat dagoela adierazteko, erreferentzia gurutzatuak ezarri dira. Horren guztiaren helburua erabiltzaileari euskara txukuna erabiltzen laguntzea da.
Hiztegi hau egiteko, guztiz baztertu dira aurreiritziak. Horren ordez, Euskaltzaindiak jasota dauzkan corpusetan jarri da oinarria: Orotariko Euskal Hiztegiak tradizioaren berri ematen digu, eta XX. eta XXI. mendeko erabilerarena XX. mendeko corpus estatistikoak eta Lexikoaren Behatokiak, hurrenez hurren.
Bigarren edizio honek 37.884 sarrera eta 6.944 azpisarrera dauzka (2012koak 20.000 sarrera zituen), hau da, 44.828 forma eta 61.398 adiera. Joskera-adibide ugari gehitu dira, denak corpusetatik jasotakoak, horrek lagunduko diolako erabiltzaileari hitza egoki erabiltzen.
Garrantzi berezia du hiztegi honen Interneteko bertsioak. Paperezkoaren eduki guztiak dauzka, euskarri digitalean kontsultak egiteko hainbat erraztasun eskaintzen ditu, eta, gainera, Euskaltzaindiaren baliabide lexikografiko guztiak eskuragarri jartzen ditu.
Bi erabilera mota izan dira kontuan kontsultak egiteko moduak programatu direnean: arrunta eta aurreratua. Kontsulta arruntean, erabiltzaileak bilaketa-laukian ezarri duen forma duten sarrera eta azpisarrerei dagozkien artikuluak ikusiko ditu. Kontsulta aurreratuak, berriz, unibertso oso bat irekitzen du. Bilaketa-laukian jartzen den forma bila daiteke sarreretan, hitz-hasiera edo -amaieran, adibideetan, definizioetan, taxonetan, erreferentzietan eta antzeko formetan. Horrez gain, bilaketaren erantzunak iragaz daitezke goian aipatu diren marken arabera (kategoria gramatikala, erregistroa, eta abar).
Bilatu den formaz Euskaltzaindiak duen informazio guztia ere eskura daiteke hiztegitik irten gabe: forma arautzeko erabili diren irizpideak Hiztegi Batu Oinarridunean, erabilera historikoa Orotariko Euskal Hiztegian eta erabilera modernoa XX. mendeko corpusean eta Lexikoaren Behatokian. Orotariko Euskal Hiztegiak 152.504 formari buruzko informazioa dauka, XX. mendeko corpusak 4.655.300 testu-hitz eta 106.179 lema, eskuz landuak, eta Lexikoaren Behatokiak 50.298.357 testu-hitz. Beraz, sakondu nahi duen orori aukera zabala eskaintzen dio EH-k.