"Nabarralde Fundazioak eta Iturralde Ikerketa eta Ekimen Elkarteak Koldo Artola Kortajarena hizkuntzalari, etnografo eta ohorezko euskaltzaina omendu dute, gaur, Iruñeko Kondestablearen Jauregian. "Urte luzez euskararen berreskurapenean egindako lan aberatsagatik" egin diote gorazarrea donostiarrari.
Omenaldi honetan, eta besteak beste, Patxi Salaberri euskaltzainak hitz egin du. Bere berbaldian, Salaberrik nabarmendu du Koldo ikasketaz ez dela filologoa "eta bere burua ez du, oker ez banaiz, hizkuntzalaritzat hartzen, egun bibliografia zer den eta nola eman behar den jakin gabe beren burua ikertzailetzat jotzen duten beste batzuek ez bezala". Baina, hala ere, "Koldok filologo eta hizkuntzalari askok egiteko ausardia izan ez duguna burutzeko bihotza izan du", aitortu du Onomastika Batzordeko buruak: "Nafarroan batez ere -baina ez bakarrik Nafarroan- herriz herri ibili, herritarrekin hitz egin, haien etxean sartu eta, berantegi baino lehen, belaunaldiz belaunaldi iragandako altxor preziatua den herriko euskara biltzeko kemena izan du, ez baita gutxi! Izan ere, hori egitea ez da batere lan erraza: denbora behar da, zinezko gogoa behar da, dirua ere gastatu behar da lekuetara joateko, eta Koldok hola egin du bere bizi guztian zehar, gratis et amore, urririk eta kitorik, ondorengoei herrietako jende xeheak ezpainetan eta ahotan zerabilen euskara hura helarazteko gutiziak, aiherrak bulkaturik, gal ez dadin, edo behintzat gure ondokoek haren berri jakin dezaten.”