Euskaltzaindiaren Zuzendaritzak beste lau urtez jarraitzeko Osoko bilkuraren konfiantza jaso du, gaur, goizean Bilboko egoitzan egin den batzarrean. Gaurko Osoko bilkuran, eta besteak beste, datozen lau urtetan Euskaltzaindiaren jarduna gidatuko duen lantaldea aukeratu da, eta euskaltzainek Andres Urrutia berretsi dute euskaltzainburu karguan. Aurrerantzean ere, bere ondoan izango dira orain arte Akademiako Zuzendaritzako kideak izan direnak, hala nola, Xarles Videgain (buruordea), Xabier Kintana (idazkaria), Sagrario Aleman (diruzaina), Adolfo Arejita (Iker sailburua) eta Jean-Baptiste Coyos (Jagon sailburua).
Erabakia jakin ostean, Zuzendaritzak adierazi du bere lehen egitekoa izango dela orain arte indarrean egon den Plan Estrategikoa ebaluatzea eta Plan Estrategiko berria diseinatzea. Horrez gain, azken urteotako ildoari jarraituz, Akademiak egiten dituen lan eta ikerkuntza-proiektuak gizarteratzea, elkarte-erakundeen arteko harremanak indartzea (bereziki euskararen eremuan lanean ari direnekin) eta erabiltzaileen beharrei eraginkortasunez erantzutea izango dira 2017-2020 aldirako lehentasunak.
Era berean, ezin ahaztu Zuzendaritzaren agintaldi berriak Akademiaren mendeurrenarekin bat egingo duela. Urtemugaren inguruabarrean, Euskaltzaindiak euskararen batasuna indartzeko, hiztun-elkartea berrosatzeko eta euskara indarberritzeko erronkak aztertuko ditu. "Akademia modernoa eta hurbila behar du euskarak, eta horiek dira gure etorkizuneko asmoak: erabiltzailearengandik gertu egon, Akademiaren etxeko ateak gizarte guztiari zabaldu eta gure zerbitzu bokazioa areagotu, zorrotz jokatuz”, esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak, akademikoen konfiantza jaso ondoren.
Gaur egun, hau da Akademiaren Zuzendaritza osatzen duten euskaltzainak:
Euskaltzainburua: Andres Urrutia
Buruordea: Xarles Videgain
Idazkaria: Xabier Kintana
Diruzaina: Sagrario Aleman
Iker sailburua:Adolfo Arejita
Jagon sailburua: Jean-Baptiste Coyos