'Eguna' euskarazko lehen egunkariaren omenez plaka bat jarriko du Bilboko Udalak, bihar
Bilboko Posta kalean jarriko den oroigarri honekin euskara hutsezko lehen egunkariaren sorreraren 80. urteurrena gogoratu nahi da.
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, Koldo Narbaiza Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak, gainerako udalkideek, Euskaltzaindiko, Sabino Arana Fundazioko, EuskalPenKlubeko eta Deiako zenbait ordezkarik parte hartuko dute ekitaldian.
Hain zuzen, egunkariaren egoitza izan zen atarian jarriko da plaka. Ekitaldia 12:00etan izango da, Posta kaleko 17aren parean.
Euskarazko egunkari aitzindariaren omenez eginiko egitasmoak ez dira bihar amaituko, eta otsailaren 10erako 'Eguna' Jardunaldia iragarri dute Bilboko Udalak, Sabino Arana Fundazioak, Euskaltzaindiak, Euskal PEN/Basque PEN Klubak eta Deia egunkariak.
Goiz osoan zehar, 'Eguna'ren jardun labur baina bizia aztertuko da, eta etorkizuneko euskal prentsari buruz ere hausnartuko dute gonbidatuek. Parte hartzaileen artean izango dira, besteak beste, Joan Mari Torrealdai euskaltzaina, 'Amatiño' kazetaria edo Joseba Agirreazkuenaga EHUko irakaslea.
Jardunaldian parte hartzeko, deitu 94 4158155 telefonora edo idatzi info@euskaltzaindia.eus helbidera.