Hamar urte bete dira PuntuEUS proiektua jaio zenetik. Hamar urte hauetako lorpenik handiena .EUS domeinuaren onarpena bera izan da, 2013an gertatu zena. 2016a ere garrantzitsua izan da: domeinua egonkortu eta bideragarri egitea lortuta, 2020. urtera bitarteko erronken lanketa egin eta lan-ildoak definitu dira.
Testuinguru honetan, eta aro berriari begira, patronatua berritu du PuntuEUSek. Orain, erakunde hauek dira PuntuEUS Fundazioaren patronatua osatzen dutenak: Kontseilua, Euskal Idazleen Elkartea, EKE, ESLE, Euskaltel, Euskaltzaindia, EHU, EITB eta PuntuEUS Elkartea.
Patronatu berriaren lehen egitekoa lehendakari berria hautatzea izan da eta aurrerantzean Iñaki Goirizelaia izango da PuntuEUSen lehendakaria, EHUren izenean. Orain arte, Euskaltzaindiak izan du beti PuntuEUSen lehendakaritza, Andoni Sagarnak lehendabizi eta Joan Mari Torrealdaik ondoren.