Gaur, Baionara helduko da ‘Euskara ibiltaria’ erakusketa
Euskararen Herri Hizkeren Atlasa (EHHA) egitasmoa oinarritzat duen erakusketa inauguratuko du Euskaltzaindiak, gaur, Baionako Euskal Museoan (Kortsarioen kaia - 37).
Arratsaldeko 18:30ean izango da jendaurreko ekitaldia, eta bertan izanen dira, besteak beste, Rafael Zulaika Baionako Euskal Museoko zuzendaria; Jean-Claude Larronde Euskal Museoko lehendakaria; Yves Ugalde Baionako auzapez-ordea; Ander Toña (Laboral Kutxako ordezkaria): Xarles Videgain euskaltzainburuordea; eta Andres Urrutia euskaltzainburua.
Erakusketaren helburu nagusia da erakustea gure hizkuntzak tradizioz bizi izan den lurralde osoan nolako formak hartzen dituen, mapen eta irudien bidez. Horrezaz gain, bestelako helburuak ditu egitasmoak: Atlas linguistiko bat zer den azaldu; 80ko hamarkadan abian jarri zen Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren historia aipatu; Atlasa lantzeko erabilitako metodologia eta materiala ezagutarazi; euskalki eta hizkeren alorrean euskarak duen aberastasuna ikastetxe, euskaltegi eta bestelakoetan ezagutzera eman; eta, bide batez, Euskaltzaindiak gaur egun eskaintzen dituen baliabideak eta materialak agertu, EHHA bera oinarritzat hartuta.
Erakusketa honetan Iparraldean agertzen diren fenomeno linguistikoak lehenetsi dira.
Orain arte ‘Euskara Ibiltaria’ren hiru edizio egin ditu Euskaltzaindiak: Beasainen, Portugaleten eta Bilbon. Beraz, Baionako hau laugarrena izango da