Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak (BIEUSE) eta Euskaltzaindiak bost urterako lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen eta euskal kulturaren sorkuntzarako, sustapenerako, garapenerako eta zabalkunderako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da, bereziki, bikoiztaile euskaldunek egiten duten lana ikusarazteko, azpimarratzeko eta hedatzeko ekintzetan. “Guretzat garrantzi handiko hitzarmena da hau –esan du Iñaki Beraetxe BIEUSEko lehendakariak–, Euskaltzaindiak gure asmoekin eta helburuekin bat egiteak hauspoa ematen digulako gure eskubideak aldarrikatzeko eta euskal bikoizketa bultzatzeko eta sustatzeko”.
Beste alde batetik, Andres Urrutia euskaltzainburuak aitortu du euskal bikoiztaileek urteetan eginiko “lan paregabea, bai eta egiten dihardutena ere”, askotariko produktuak euskal hiztunei hurreratzen saiatzen baitira “euskararen zabalkundeari eta sustapenari ekarpen azpimarragarria eginez”. Baina Urrutiak harago jo du bere adierazpenetan: “Ekarpen hori, gainera, hainbatetan oso lan-baldintza prekario eta zailetan egin ohi dute eta horrexegatik da are azpimarragarriagoa egiten duten ekarpena eta erakusten duten engaiamendua”. Euskaltzainburuak gehitu du euskal bikoizketa “ezinbestekoa” dela hizkuntzaren normalkuntzarako, eta etorkizunean erakunde bien arteko lana bultzatzeko asmoak agertu ditu.
Lankidetza-hitzarmenari esker, besteak beste, atal hauek jorratuko dira:
- Euskaltzaindiak euskararen arloan ezarririko arauak eta proposaturiko gomendioak zabaltzeko konpromisoa hartzen dute bi erakundeok.
- BIEUSE Elkarteak bere eguneroko jardunean sortzen dituen materialetan, bai eta antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza-zerbitzu, aurkezpen eta euskararen sorkuntzarekin, zabalkundearekin, prestakuntzarekin zein erabilerarekin loturiko egitasmoetan ere, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, onomastika eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartu eta horiek zabaltzeko moduak landuko ditu.
- BIEUSE Elkarteak Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexikografia, ortografia, onomastika eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak eta iradokizunak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna eman edota bideratuko ditu, bikoizketaren izaera artistikoak eskatzen dituen berariazko beharrak lehenetsiz.
- Bi erakundeok euskararen jakitean, erabileran zein haren aldeko sustapenaren ikerketan, dibulgazioan eta sentiberatzean, egitasmoak partekatzeko konpromisoa hartzen dute, bereziki, bikoiztaile euskaldunen inguruabarrarekin lotura izan dezaketenak.
- Euskaltzaindiak bere egoitza zein ordezkaritzak eskaintzen dizkio BIEUSE Elkarteari, adosten dituzten jardueretan baliatzeko.
- Euskaltzaindiak garatzen diharduen Lexikoaren Behatokia elikatzeko asmoz, BIEUSE Elkarteak argitaraturiko euskarazko testu-multzoaz baliatzeko adostasuna erakutsi dute.