Miriam Urkia euskaltzain osoak jaso du, gaur, Euskadiko Liburu Ganbarak urtero ematen duen Urrezko Idaz Luma. Bilboko Liburu Azokarekin batera ematen da sari hau, aspalditik (lehen saria Joxe Migel Barandiaranek jaso zuen). Asier Muniategi Euskadiko liburu azoken koordinatzaileak azpimarratu du emakumezkoa merezi duen tokia hartzen ari dela euskal kulturan eta literaturan, eta aitortu du oraingoan omendu nahi izan dutela Urkiak urteetan hiztegigintzan eginiko lan ederra eta isila.
Ainhoa Arregi euskaltzain urgazleak egin dio aurkezpena Urkiari, eta agertu du berari ez zaiola harrigarri begitantzen aspaldian Miriamek jasotako gorazarre andana: "Inguruan gabiltzanontzat berezkoa, logikoa, gertatu beharreko sekuentzia bat bezalakoa izan da Miriamek lortutako oihartzuna, haren ibilbide sendoaren lekuko izan garelako". Urkia "Euskaltzaindia berritu, moderno eta zerbitzariaren" erakusgarria dela gaineratu du Arratek.
Gogoratu du, baita, Urkiak hizkuntzalaritza eta baliabide teknologikoak uztartu dituela beti bere ibilbidean, "hasieratik ulertu baitzuen elkarren osagarri zirela", eta nabarmendu du Aretxabaletako euskaltzainak Hiztegi Batuan eta ondoren Euskaltzaindiaren Hiztegian eginiko lan "zorrotza eta fina". "Azken finean –esan du Arregik-, Miriamen egitekoa da hiztegiratu arte hitz bakoitzak egiten duen bide luze horretan laguntzea, hitzen bidelagun izatea. Bide hori koordinatzen, antolatzen eta kontrolatzen dihardu".
Azkenik, euskaltzain gipuzkoarra "Akademiaren irudi moderno eta gaurkotuaren" adierazgarria dela giadierazi du Arregik: "Beste belaunaldi baten lekukoa hartu du eta hori nabaritu da".
Miriam Urkiak "hunkituta eta erabat harrituta" jaso du Urrezko Idaz Luma. Esker oneko hitzak esan ostean, saria "Euskaltzaindiaren izenean" jasotzen duela azpimarratu du, eta bereziki "gure familia handi honetako –Akademiako- emakumeak" izan ditu gogoan: "Guztion izenean eta guztiontzat hartzen dut, beraz, Urrezko Luma hau". Gainera, bere lankideekin ere partekatu nahi izan du aitortza : "Euskaltzaindiaren Hiztegiaren prozesu osoan parte hartzen duten guztiekin partekatu nahi dut. Bide batez esanda, emakumeak gehienak".
Azkenaldian Hiztegian izandako aldaketa garrantzitsuak ere aipatu ditu Urkiak bere hitzalditxoan: "Apustu sendoa egin dugu gizartearen aldaketak Hiztegian islatzeko, berdintasunari begiratuz, plazagizonen albora plazandreak ekarrita, gure lanak ez baitu deus balio bizi garen gizartearen parte ez bada, hori Hiztegira ere ekartzen ez bada. Eta garbi dugu hori dela bidea, hitzetik beretik hasten baita berdintasuna".