Euskaltzaindiaren Zuzendaritza berria Iñigo Urkullu Lehendakariarekin eta Bingen Zupiria Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuarekin bildu da gaur Gasteizen, Lehendakaritzan. Zuzendaritzako sei kideekin batera izan dira Gasteizen Erramun Osa Akademiako idazkariordea eta Joseba Zabaleta kudeatzailea.
Bilkuraren helburuak hiru izan dira: batetik, Euskaltzaindiaren Zuzendaritza berria Lehendakariari eta Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari aurkeztea; bestetik, Euskaltzaindiak 2021-2024 aldirako dituen eginkizun nagusiak goi agintari bioi aditzera ematea; eta hirugarrenik, Eusko Jaurlaritzak Euskaltzaindiari ematen dion laguntza eta babesa eskertzeko borondateaz, Euskararen Akademiaren ikurra oparitzat eskaintzea Euskadiko Lehendakariari.
Euskaltzaindiak 2021-2024 aldirako Zuzendaritza berritu zuen 2020ko urriaren 23an, Donostian, Luis Villasante Euskararen Ikergunean eginiko bilkuran. Horretara, kide hauek osatzen dute egun Akademiaren Zuzendaritza: Andres Urrutia (euskaltzainburua); Jean-Baptiste Coyos (buruordea); Adolfo Arejita (idazkaria); Roberto González de Viñaspre (diruzaina); Sagrario Aleman (JAGON sailburua); eta Miriam Urkia (IKER sailburua).
Gogora ekarri behar da Jose Antonio Agirre lehen Lehendakariak, 1936ko uztailaren 3an, Euskaltzaindia aitortzeko borondatea agertu zuela laster onartzekoa zen Estatutuan. R. M. Azkue lehen euskaltzainburuari igorritako gutunean eman zion horren berri. Aitzitik, 1936ko altxamenduak galarazi zuen agindutako aitortza hura, baina J. A. Agirreren guraria Gernikako Estatutua onartzeaz batera burutu zen, Euskaltzaindia euskararen erakunde arauemaile ofizialtzat aitortu zuelarik. Harrezkero, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak, biek batera, euskal hiztun-elkartea indarberritu duten era askotako egitasmoak jorratu eta landu dituzte elkarlanean, euskara biziberritzeko ahaleginean.
Honela, Euskaltzaindia euskara zaintzeko, gizarte-erabilera jagoteko eta hizkuntza-arauak finkatzeko ardura duen erakundea denez gero (Gernikako Estatutuaren 6.4. artikuluan aitortzen den bezala), euskararen arloan aholku-emaile ofiziala da.