Euskaltzaindiaren Hiztegiak hau dio:
eta gero (Aditzaren partizipio burutuaren eskuinean). Aipatzen dena gertatu edo egin ondoan. Hura egin eta gero. Etxea berritu eta gero. Marinelek-eta kanta zitzaten, buruz ikasi eta gero.
ondoren 1
[...]
4 postpos. (Denborazko testuinguruan; dagokion izen sintagmak -en atzizkia hartzen du, baina bizigabe bati badagokio eta determinatzailerik ez badu, atzizkia eta mugatzailea gal ditzake). Ondoan, ondotik. Azkueren hiztegiaren ondoren, beste hiztegi bat egin zen. Trento aurretik eta Trento ondoren. Gerra ondoren gauzak franko aldatu ziren. Hegelen ondoren eta haren ondorengoaren ondoren. Bata bestearen ondoren kaleratu ziren.
oste 2
[...]
2 (Leku atzizkiekin, singularrean, denborazko testuinguruetan). Ondoren, ondoan. Ik. bazkaloste. Lo gozoaren ostean itzartu da. Heriotza ostean. Elkarren ostean etorri ziren ekaitzak. Eguerdi osteko loa. || (Partizipio burutuaren eskuinean). Zerbait egin ostean.
Hiru formak erabiltzen dira ondokotasuna adierazteko, baina lehenbizikoaren eta beste bien artean desberdintasun bat dago.
Egokiak dira:
izena + -ren + ondoren
izena + ondoren
izena + -ren + ostean
izena + ostean
Baina ez:
izena + eta gero
eta bai:
aditzaren forma burutua + eta gero
Konbinazio hau bi modutan ager daiteke:
Jendea bildu eta gero hasi zen hizketan
Jendea bildu, eta gero hasi zen hizketan
Biak dira egokiak baina esanahia ez da bera. Ahozkoan ederki bereizten dira. Lehenbizikoan bildu eta gero “batera” ahoskatzen ditugu eta bigarrenean idatzizko koma dagoen lekuan pausalditxo bat egiten dugu. Juntadura soila dago hor.
Desegokiak dira:
*Egonaldia eta gero
*Hainbeste urte eta gero