Animalien eskubideen aldeko mugimenduak indar hartu du azken urteotan, eta horrekin batera eguneroko hizketagai bihurtu dira beste hainbat gai: abeltzaintza intentsiboko zenbait eredu, animalien ongizatea bermatzeko legeak, animalia-jatorriko elikagaiak zenbateraino diren beharrezkoak…
Horien guztien harira, Euskaltzaindiak eta bere erakunde atxikia den UZEIk oinarrizko 32 kontzeptu bildu dituzte orain Animalien ongizatea eta beganismoa: oinarrizko lexikoan.
Lexikoan jasotako forma batzuk dagoeneko araututakoak dira (hala nola animalista, barazkijale, beganismo), baina badira Akademiaren hiztegiak oraindik jaso ez dituen formak ere: antiespezismo, makroetxalde, izaki sentitzaile, flexitariano…
Hiztegi arauemaileko formak eta definizioak ez ezik, lan honetarako kontuan hartu dira terminologia-bankuak (bereziki, Euskalterm eta inguruko hizkuntzetako terminologia-banku nagusiak) eta euskarazko erabilera (besteak beste, hedabideetakoa).
Euskaltzaindiaren Osoko Bilkurak onetsi ditu lexikoa osatzen duten sarrerak eta definizioak. Hemen kontsulta daiteke lexikoa, Euskaltzaindiak UZEIren lankidetzarekin argitaratutako gainerako lexikoekin batera.