Mintzola egitasmoaren eskutik eta Bertsozale Elkartearekin batera, deialdi berria egin du Euskaltzaindiak: bertsolaritza hizkuntzalaritzaren ikuspegitik ikertuko duten lanen proiektuak saritzeko deialdia. Hain zuzen, bertsolaritza hizkuntzalaritzaren ikuspegitik aztertuko duten ikerketa lanak sustatzea da Euskaltzaindiak eta Bertsozale Elkarteak duten xedeetako bat, eta helburu horri eusten dio deialdi berriak.
Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktoretza-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hain zuzen ere, bide horretan laguntzea eta bertsolaritza eta hizkuntzalaritza ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua.
Deialdi honetan, master-amaierako lanen eta ikerketa-lan monografikoen proiektuak onartuko dira, geroko tesiak bultzatzeko helburuarekin.
PROZEDURA
- 2022an, 3.000 euro gordineko dirulaguntza batesleituko da.
- Deialdira aurkeztu daitezkeen lanak 2022-2023 ikasturtean defendatuko dira.
- Dirulaguntza jasotzeko, ezinbestekoa da unibertsitate-ikasketetan tituluduna izatea (baldintza hori egiaztatu beharko da dirulaguntza kobratzeko unean).
- Saritutako proiektuari dagokion ikerketa lana gauzatutakoan, Euskaltzaindiak edo Bertsozale Elkarteak ikerketa lan hori argitaratzeko eskubidea edukiko du, idazlanaren pasarte bat izan edo idazlan osoa izan.
- Saritutako proiektua gauzatutakoan, Azkue Biblioteka eta Artxiboan eta Xenpelar Dokumentazio Zentroan artxibatuko da.
ESKAERAK
Eskaerak eta behean zerrendatutako dokumentazio guztia PDF formatuan eta e-postaz bidali behar dira honako helbide elektronikoetara: mintzola@euskaltzaindia.eus eta ikerkuntza@bertsozale.eus
DATAK ETA INFORMAZIOA
- Eskaerak aurkezteko epea: 2022ko azaroaren 18ra arte.
- Hautatuen izenak eta ordezkoen zerrenda argitaratzeko eguna: 2022ko abenduaren 16a, beranduenez.
- Proiektuaren araberako ikerketa-lana eginda entregatzeko epea: 2023ko ekainaren 15era arte.
- Euskaltzaindiaren atarian (https://www.euskaltzaindia.eus/mintzola/ikerketa/) eta Bertsozale Elkarteko atarian (www.bertsozale.eus) argitaratuko da deialdiari buruzko informazioa zein deialdiaren urratsen berri.
- Deialdiaren inguruko gorabeherei buruzko galderak honako helbide elektroniko hauetako batera zuzenduko dira: mintzola@euskaltzaindia.eus edo ikerkuntza@bertsozale.eus.