Euskaltzaindiak 2022ko azaroaren 26an izendatu zuen euskaltzain oso Andres Alberdi hizkuntzalari getariarra. Gaur, Akademiaren barne-arauek xedatzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia irakurri du sorterrian.
Salbatore abesbatzak ireki du herriko udaletxean egin den ekitaldia. Euskal Herriko semeak gara abestu dute (Txanton Piperri euskarazko lehen operako kanta da, 1899koa, Toribio Altzagaren letrarekin), eta, ondoren, Getariako ereserkia, herritarrekin batera, ozen. Atariko saioaren ostean, ekitaldi instituzionala hasi da. Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak ongietorria egin diete bertaratutakoei eta, jarraian, Andres Alberdik sarrera-hitzaldia irakurri du.
Lehenik, harrituta agertu da herrikide, euskaltzain eta erakundeetako ordezkarien aurrean (“ametsik ederrenean ere inoiz ez zitzaidan agertu gaur eguerdiko imajina hau”), eta gero lotsa puntu bat ere baduela aitortu du: “Pentsatu nahi dut, nire merezimendu pertsonalak baino areago, nire izenean, eskoletako maisu-andereñoen eguneroko afana eta ekina saritzen direla nire izendapenarekin”. Ekitaldia non egin ere izan da bere buruhausteetako bat; bada, berak argitu duen moduan, “neure burua getariar petotzat aitortu arren edonon, ez ditut alferrik eman nire bizitzako 50 urte Elgoibarren”.
Ondoko berbak Euskaltzaindian ordezkatzen duenarentzat izan dira, hots, Andoni Sagarna euskaltzain emerituarentzat. Eskualdean jaiotako euskaltzainak ere gogoan izan ditu, hala nola Bonifazio Etxegarai, Julene Azpeitia, Salbatore Mitxelena, Karmele Esnal, Iñaki Beobide, Antonio Campos, Anjel Lertxundi, Andoni Egaña, Mikel Lasa eta Kaxildo Alkorta. Den-denak gogoratu eta goratu nahi izan ditu gaurko berbaldian irakasle eta hizkuntzalari getariarrak.
Segidan, hitzaldiaren mamiari heldu dio Alberdik, eta Arauen itsasoan barna uger egiten ausartu da. Honela, arauekin izan duen bizipen pertsonalez eta harremanez aritu izan da mintzaldiaren lehen partean, arauak baitira getariarraren bizitzako ardatzetako bat, bere alaba Uxue Alberdik liburu batean gogoratu zion moduan: “Gramatika du aitak ezinegonari aurre egiteko modua, araua zaintzea du ofizio, seguru sentitzen da sintagmaren barruan”. Ofizio eta afizio, eta hitzaldian horri eutsi dio, fin-fin, urte askotan irakaskuntzan eta testugintzan bildutako pentsamenduak, asmoak, bizikizunak, itxaropenak, aukerak, ilusioak eta frustrazioak aletu dituela herrikideen aurrean. Eta bizipenen errepasoa bere jaioterrian hasi behar, jakina: “Euskararen unibertsoa ageri zait nondik-nahi hartaz (Getariaz) gogoratzean; izan ere, modu naturalean bizi genuen Getarian euskara. Eta euskara bizi-bizia, espontaneoa, trabarik gabea genuen ezpainetan”. Testuinguru horretan hasi zen Alberdi gaztea euskararen arauen bere “balio-mapa pertsonala” eraikitzen. Gogoratu du bere lehenengo gramatika-ikasbidea (Mikel Zuazabeitia abadeak emana), eta zortzi urterekin konturatu zen euskarak ere bazuela gramatika bat, bazituela arauak. Saturrarango seminarioan emandako 11 urteak ere gogoratu ditu, damu barik: “Alderantziz: zorte hitza da erabili beharko nukeena, zeren frankismoaren gordinean bizi izan arren, euskal komunitate bateko partaide sentiarazi baikintuzten han”. Honela, euskaraz oso gazterik alfabetatzeko parada izan zuen Alberdik, Joan Mari Lekuonaren itzalpean (“Bide-erakusle aparta izan zen guretzat”) eta José Zabala-Aranaren Gramática Vasca ikasliburua oinarri. Baina bestelako kontu bat ere ikasi zuen, oso garrantzitsua: “Hizkuntza bat ondo ikasteko, hizkuntza horren arimara iritsi beharra dagoela, eta arima hori herri-literaturan dagoela batik bat”.
Ondoren, Getariatik Elgoibarrera egin du jauzi. 1973an iritsi zen herriko ikastolara, gaztetxoei euskara eta gizartea irakastera. Hantxe ikasi omen zuen beste lezio garrantzitsu bat, ikasle batek ingurrazti hitza erabili (aranisten gurdiko hitza) eta ulertu ez zionean: hain zuzen, “garbizalekeriak ez ginderamatzala inora”. Gogoratu du, baita, hutsaren hurrengoa zela orduko euskarazko ikasmateriala, eta tantaka-tantaka eskuratzen zituztela, handik eta hemendik, Xabier Kintanaren Hiztegi Modernoa (1977), Euskaltzaindiaren arauak, Juan Antonio Letamendiaren Euskera 6, Saioka liburuak edo Txillardegiren, Patxi Altunaren eta Luis Villasanterenak.
Honela, beharrak eraginda hasi zen testugintzan Alberdi, eta hortxe ikasi zuen, baita, talde-lanaren balioa, boskote bikaina osatu baitzuen getariarrak Angel Ugarteburu, Iñaxio Garmendia, Myriam Villasante eta Markos Balentziagarekin batera. Testugintzan jardun zuen taldeak 20 urtean. Gero, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982an abiatu zuen EIMA lan-programa aipatu du Alberdik, eta, ondorioz, urte luzez bertan eginiko lanak. Beste lezio bat ere ikasi zuen EIMAn: “jendeak eta argitaletxeek estimu eta jarrera onez hartzen dituztela arauak, eta are gehiago horiek argi esplikatzen badira”. Zeregin horretan lagungarri izan zuten 2000. urtean argitaratu zen Hiztegi Batua.
Euskararen itsasoan izandako ibilbideari jarraituz, seigarren portu bat aipatu du euskaltzainak: Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE). 2018an sartu zen batzordean, eta onartu du ordurako euskara batua aski gorpuztua ageri zela, “helduaroan sartuta nolabait esateko, hizkuntzaren oinarriei dagokienez”. Eta lezio berri bat ikasi zuen zeregin honetan: “EBEk adierazi zigun araugintzaren egoera zein zen, eta zer falta zen oraindik arautzeko”. Lan horren emaitza da, hain zuzen, bost urtean plazaratutako paperezko beste horrenbeste edizio (sarekoa etengabe eguneratzen baita).
Sarrera-hitzaldiaren bigarren partean araugai berri batzuen demandan aritu izan da euskaltzain oso berria, eta eskari edo aldarrikapenarekin batera, hausnargai, euskararen eta arauen gaineko kezka eta gogoeta batzuk aletu ditu.
Dena ez da araua
“Ezin gaitezke arauen mundura bakarrik mugatu –onartu du Alberdik–. Dena ez da araua; arauak (edozein arlotan) bizitza zaintzea behar luke helburu”. Euskararen auzia prozesu bat dela esan du, eta prozesu horren bi bidetatik egin behar dela azpimarratu du: “Alde batetik, normatibizazioa daukagu: hizkuntza arautzea, malgutzea, aberastea. Horixe da euskaltzainon, idazleen, itzultzaileen, irakasleen egiteko behinena (...). Baina denok dakigu erronka hortik kanpokoa dela: benetako zailtasunak, gaur-gaurkoz, ez direla corpusarenak (hau da, arazoa ez dela arauarena), estatusarenak baizik (hau da, euskararen normalizazioarena); alegia, hizkuntza erabiltzeko eremuak irabazteko desafioan dagoela lana”. “Hor jokatzen da, egiazki, euskararen geroa, ez arauetan”, nabarmendu du irakasle gipuzkoarrak. Onartu du, baita, euskararen normalizazioak “zutabe hauskorrak” dituela, eta zentzu horretan adierazi du aurrera egin behar dela estandarizazio eta normatibizazioan, baina ez bakarrik horretan, garrantzitsua baita, era berean, “euskararen helburuak garbi izatea eta horien aldeko pedagogia egitea”.
Eta ondoren 11 ardatz ezarri ditu, “garbi izan behar genituzkeen helburuak”. Hona hemen:
-
Euskara batu edo estandarraren premia inork gutxik jartzen du zalantzan gaur egun (premisa positiboa, jendeak onartua).
-
Batuaren etorkizuna euskararen etorkizuna da (jendeak onartua). Baina euskarazko jarduna beharrezko edo lagungarri egingo duten jardunguneak, gizataldeak, harreman-sareak eta situazioak indartu behar dira.
-
Euskara batu edo estandarra batez ere idatzira bideratu da (baina hori ez da harritzekoa: inork ez du idazten, inongo hizkuntzatan, hitz egiten duen moduan).
-
Euskara batua ez da batere monolitikoa, uniformea (malgua da, hiztun bakoitzak bere moldera taxutzekoa). Ez dugu behar bezain garbi barneratu euskara den guztia kabitzen dela batuan.
-
Euskara batu edo estandarra eta euskalkiak osagarriak dira (ez dira aparteko bi mundu, osagarriak baizik).
-
Hizkuntza-erregistroen mundua gehiago jorratu beharra daukagu denok.
-
Hizkuntzak ez dira komunikazio-tresna huts. Hizkuntzek herria egiten dute.
-
Ez da aski euskara ikastea edo alfabetatzea. Euskaldun osoak behar ditugu.
-
Eskolaren eta hedabideen erantzukizuna apartekoa da (gure eskoletako ikasleek eta euskal hedabideen hartzaileek euskara eredugarria ‘hartzeko’ eskubidea dute).
-
Arauak ematea ez da nahikoa (Euskaltzaindiak egiten duena gizarteratzen asmatu behar du).
-
Euskara goxatu beharra daukagu. “Euskara ondo jakitea bezain premiazkoa dugu euskaldun gehienak euskaraz eroso aritzeko moduko hizkuntza bat eratzea: behar komunikatiboei egoki erantzuteko gai den euskara, erabilgarria, erakargarria, modernoa, gozapoza sortzen duena (...) Egiteko horretan Akademiak ez, ezpada idazleek, kazetariek, komunikatzaileek... hartu beharko lukete lidergoa”.
Lerroburu garrantzitsu horien ostean, arau gehiago behar direla esan du euskaltzainak. Hortaz, arautze-premia duten esparruak aipatu ditu, egindako aurrerakuntzak eta egiteke daudenak seinalatuz: Ortografia (Euskara Batuaren Ortotipografia arau-bilduma osatzen hasia da Euskaltzaindia); Euskaltzaindiaren Hiztegia (“ez du inguruko hizkuntza handi deiturikoen hiztegien batere inbidiarik”); Onomastika (“goretsi beharrekoa da Euskaltzaindiak emandako arau-multzoa, baina badira arazo batzuk oraindik ebazpide garbirik gabe daudenak: deiturei dagokienez, prentsa-izenei dagokienez, euskal literaturako obren tituluei dagokienez); Ahoskera (1998an ahoskeraren araua eman zuen Akademiak, 81.a, gutxieneko gida, baina beste urrats bat egin beharko genuke aurrera); Morfosintaxia (Euskaltzaindiak Morfosintaxiaren estandarizazioa batzordea eratu duela gogoratu du, eta, era berean, arlo honetan egin beharreko lehentasun batzuk zirriborratu ditu).
Mikel Zalbidek eman dio erantzuna Alberdiri. Bere hitzaldian, getariarraren dohainak gogoratu ditu (“arraunlari trebe izateaz gainera, lemazain maisu dugu Andres, hizkuntza-eredu jasoa gizarteratzeko saioen esparruan”), eta honek hitzaldian esandakoak azpimarratu, hots, “arraunean egiten segitu behar dela hiztun-idazleen fabore”. Zentzu honetan, Zalbidek adierazi du “hizkuntza era bizi eta naturalean eskuratzeak duen garrantzia”, baita ere umetako “aldaera-sorta zabaldu eta aberastearen garrantzia”. Hizkuntza-eredu bateratu eta garatua luze-zabal hedatzeko ahaleginean jarraitu beharra dagoela esan du, “hiztun-elkarte osoaren altzoan onarpen zabala” eskura dezan.
Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egin du (“Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure hitza ematen dut”) eta euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso ditu Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik.
Andres Alberdiren profil laburra
Andres Alberdi Gorostiaga (Getaria,1950). Filosofian lizentziaduna. Irakaskuntzan aritua 38 urtean. Lehenengo, Elgoibarko Ikastolan; ondoren, Elgoibarko Institutuan, eta bertan, Euskara eta Literaturako katedraduna 1982tik, harik eta 2011n erretiroa hartu zuen arte.
Bakarka zein elkarlanean, 1986tik, DBHko eta Batxilergoko Euskara eta Literaturako hogeitik gora ikasliburu eta gramatikaren egilea da. 1986-1990 bitartean, EGAko aztertzaile-taldeko kide, eta, 1988-1990 urteetan, Azterketa Batzorde Ofizialeko zuzendaritza-kidea, Gipuzkoako arduradun akademiko gisa. 1991-92 ikasturtetik 2011ra arte, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko EIMA Programan aritua.
2007tik, Euskaltzaindiaren Zientzia eta Teknika Hiztegia Biltzeko lantaldeko partaide da. 2014tik, Euskaltzaindiaren Euskara Batuaren Eskuliburuko batzordeburu, eta batzorde horrek 2018an paraturiko Euskara Batuaren Eskuliburuaren (2018) prestatzaile eta egilea. 2022tik, Morfosintaxiaren Estandarizazioko batzorde ahaldunduko idazkaria da. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 2018an. Euskara Batuaren Eskuliburuaz gain, bestelako lan batzuk ere ondu ditu Alberdik. Tartean, Bidegileak bildumako bi kaiera (Manuel Larramendi eta Agustin P. Iturriagaren jardun eta bizitzari eskainitakoak), Oinarrizko gramatika (2008, Donostia: Elkar) eta Ahoskera (2014, Gasteiz: EIMA. Eusko Jaurlaritza).