Bilboko bazter guztietan euskararen erabilera sustatzea, bultzatzea, zabaltzea eta normalizatzea da Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur goizean sinatu duten lankidetza-hitzarmenaren helburua. Hitzamena bi hamarkada luzez norabide berean egindako elkarlanaren isla garbia da.
Bilboko Udalak eta Euskaltzaindiak urtero sinatzen dute hitzarmen hori, hizkuntzaren garapenarekin eta gizarteratzearekin duten konpromisoaren erakusgarri. Bi erakundeon arteko elkarlanaren kariaz, besteak beste, hizkuntza biziberritzeko eta euskal kultura zabaltzeko hizkuntza-aholkularitza eskaintzen dio Akademiak Udalari, eta kultur-jarduerak ere antolatzen dira, tartean, Lautan Hiru antzerki-jaialdia. Horrez gain, Euskaltzaindiak Adolfo Arejitaren Errefrau artean aztarrika liburua argitaratuko du aurten.