“Euskaltzaindia sortze beretik kezkatu da euskararen erabileraz. Orain ere kezka bizia du, eta beti izango du ziurrenik. 2024an, euskara bidegurutzean da, eta erabakiak hartu behar dira, ahultze prozesua geldituko bada”. Andres Urrutia euskaltzainburuak Baionan, ekainaren 21ean, Euskararen biziberritzea Ipar Euskal Herrian jardunaldiaren atarikoan esandako hitzak dira, baina hara batutako beste nornahiren adierazpena ere izan zitekeen. ”Kausa justu baten alde bildu gara”, gehitu zion horri Baionako auzapezaren laguntzaile Yves Ugaldek.
Jardunaldiak Jon Sarasuaren mintzaldia izan zuen ardatz, hark erabilitako kontzeptu eta metaforek zehar-lerro bat osatu baitzuten saio guztietan barna. Euskaltzaindiko Sustapen batzordean Sagrario Aleman euskaltzainaren zuzendaritzapean lantzen ari diren analisia oinarritzat hartu, eta etorkizunera begirako ildo batzuk marraztu zituen Sarasuak, betiere puntu batetik abiaturik: XXI. mendeko ezaugarriek —digitalizazioa, gizarte likidoa, migrazioa...—, galdera berriak ekarri dizkiote euskararen biziberritze prozesuari, baina ez zaie ikuspegi estrategikoz erantzuten. Horren harira, instituzio publiko zein gizarte erakunde guztiak interpelatzen dituen oharpen bat egin zuen kontsentsu bila: “Pentsa dezakegu 1960ko hamarralditik hona egin duguna ikaragarria izan dela, baina orain arte egin duguna egitearekin ez dugu aurrera egingo”.
Ametsa birpentsatu
Sarasuaren aburuz, egiteke dagoena “etorkizunari begirako bisioa ekoiztea baino sakonagoa eta zailagoa da”. Hain zuzen ere, iraganeko gakoak ezagutu, egungoaz diagnostiko zorrotza osatu eta hamarraldi batzuetarako ametsa proiektatzea baitakar langintza horrek. Gainera, “kontu handiz, eta errealismoa eta utopia nahasiz” jardutea eskatzen du, eta kolektiboan egin beharrekoa da.
Egun gertatzen ari denaz mintzatzeko, “bitasuna” eta “dibergentzia” aipatu zituen Jon Sarasuak. Ohiko adibide batera jo zuen hori azaltzeko: ”Batzuek botila erdi beteta ikusten dute, eta besteek erdi hutsik. Baina kontua ez da erditik behera ala erditik gora dagoen. Kontua da botilak baduela zuloa”. Zailtasunak zailtasun, aukera-leiho bat badela uste du, batetik, hiztun kopuruan oro har gora egin delako, eta, bestetik, bidean ikasi egin delako: “Klase politikoa konbentzitzeko eta gizarte sektore zabalagoa geureganatzeko abagunea izan liteke”.
Hainbat puntu aipatu zituen, aurrera begirako aurreikuspenean garrantzitsuak direlakoan. Hasteko eta behin, “gizarte aldaketarako utopia bat taupatzen duen indarra” behar dela esan zuen. Horretarako, gizarte mugimenduaren dimentsioa elikatu beharko litzateke, “ikuspegi politiko besarkatzaile batekin”. Bestalde, gizartea eta komunitatea bereizi zituen. lehena toki jakin batean bizi den jende multzoa litzateke, eta bigarrena zerbait komuna —kasu honetan hizkuntza— dutenen multzoa. Bi kontzeptuak bereiztearekin batera, lotu ere egin zituen: “Gizarte politikak behar dira, baina baita komunitate estrategiak ere”.
Kontakizunaren garrantziaz mintzatu zen jarraian, behin-behineko helmuga zehaztuko lukeen narratibaz, alegia, eta “monolitikoa izatetik urrun, ñabardurez josia” izan beharko duela esan zuen, betiere tokia, ingurua eta beste zenbait faktore aintzat hartu behar direlako. Datozen hamarraldietako ibilbidean, ametsa birpentsatzeko eta doitzeko premia ere nabarmendu zuen Sarasuak hainbat galdera haizatuz: “Zer litzateke Euskal Herri euskalduna? Zer litzateke normalizazioa? Funtzio guztiak euskaraz egiteko helburua ongi formulatuta dago?”.
Jauziak
Etorkizuna planifikatzeko ahaleginean, eskala handiko apustuak egin beharra aurreikusten du Sustapen batzordeak. Besteak beste, corpusean, helduen eta administrazio publikoen euskalduntzean, kulturgintzan, teknologian eta inguru digitalean edota etorkinen harrera linguistikoan. Sarasua: “Uste dugu horrek anbizio handiagoz jokatzea eskatuko diela gobernuei, eta inbertsio handiagoak egin beharko dituzte”.
Hezkuntza ere birpentsatzeko arloa litzateke: ”D ereduak ez du esperotako emaitzarik ekarri. Euskal hiztun osoak sortzea da helburua, bai kalitatez, bai eta borondatez ere; hau da, motibazioa duten pertsonak behar dira”.
Plano praktikoago batean, eskualdeko hedabideen estrategia martxan jartzea komenigarri jo zuen: “Gertuko komunikazioan euskarak lidergoa har dezake”. Sarasuarentzat eta Euskaltzaindiko Sustapen Batzordearentzat, ”tokiko komunitate-ehuna ekoiztea eta behetik gorako kulturgintza komunitarioa eratzea gako garrantzitsuak dira, gizarte hiperindibidualizatu honetan”.
Sarasuaren bisioan ez da Euskal Herri euskalduna ageri datozen hamarraldietan, baina euskaldun osoen nukleo sendo bat osatzea eta berorri funtzio sorta garrantzitsu bat ziurtatzea lortzeko modukoa izan liteke.
Soziolinguistikaren hipotesiak
Amande Anin Euskararen Erakunde Publikoko (EEP) misio kargudunak soziolinguistikari heldu zion, 2050era begirako panorama zein izan litekeen azaltzeko ahaleginean. Datuen arabera, hiztunen kopurua emendatu egingo da Ipar Euskal Herrian, baina ehunekoan ez da alde handirik nabarituko. Lurralderik lurralde erreparatuz gero, Lapurdik mantendu egingo luke oraingo oreka. Nafarroa Beherean eta Zuberoan, aldiz, apaltzera joko lukete, bai kopuruak, bai eta proportzioak ere.
Irakaskuntzatik eratorritako datuen bidez, bi garapen-hipotesi egin dituzte soziolinguistek. Batek 27.000 euskaldun gehiago aurreikusten ditu 2050eko epean, eta guztira populazioaren % 26ko proportzioa osatuko litzateke (horietarik erdia baino gehiago, 16-34 adin-tartean). Bigarren hipotesia baikorragoa da, 40.000 hiztun gehiago irabazi, eta populazioaren % 30ean finkatuko luke euskaldunen multzoa. Kasu honetan ere, proportziorik handiena 16-34 adin-tartekoa izanen litzateke (% 61).
Amande Aninek ohartarazi bezala, aipaturiko datuek “gaitasun hipotetikoa” erakutsiko lukete, eta ez dakarte argibiderik hizkuntzaren erabilerari buruz, ez eta hiztun horien kalitateari buruz ere. Datozen urteetan egin beharreko ahalegina grafikoki azaltzeko, eskailera mekanikoaren metafora baliatu zuen: “Orain artekoa, beherantz datorren eskailera mekaniko batean gora egitea bezalakoa izan da. Aurrerantzean, eskailera mekaniko hori azkartu egingo denez, ahaleginak ere azkartu egin beharko dira”.
Egunerokotasunetik
Hipotesiekin batera, esperientzia lurtarragoak ere eskaini zituen jardunaldiak. Elorri Arin Elizagoien, Titto Berbeder, eta Peio Jorajuria Euskal Konfederazioko kideek, eta Aines Dufau Ikas Pedagogia zerbitzuko zuzendariak, haurtzaindegietako egoera larria eta euskarazko guneak gehiago zabaltzeko ezina erakutsi zuten besteak beste, Konkolotx haurtzaindegiaren egoeratik abiatuta. Hitz gutitan esanda, haurrak euskal estrukturan hezteko eskaera badago, baina ez zaio erantzunik ematen. Peio Jorajuria: “Haurtzaindegietan bezala aisialdian ere, frantses gune bat sortzea gutxiengo baten alde aritzea da, baina herriko etxe gehienek hautu hori egiten dute, herritarrek euskarazkoa nahiago duten arren”. Gizartean lan handia egiten dela eta jendea borroka horretarako prest dela ere nabarmendu zuen. “Administrazioen ardura hartze hori falta da”.
Aines Dufauk energia trantsizioarekin parekatu zuen euskararen afera, bai larrialdi egoeragatik, bai eta zeharkakoa edo transbertsala izan beharko lukeelako, zokoratuta jarraitu beharrean.
Zehar-lerro bat izan, eta kulturarekin bat eginda agertu. Horixe bera nabarmendu zuten Itxaro Bordak, Eneko Gorrik, Eneko Bidegainek eta Marie-Andrée Ouretek ere, bigarren mahai-inguruan. Baieztapen horren ilustragarri, kulturak Ipar Euskal Herrian darakutsan bizitasuna aipatu zuen Mari-Andrée Ouret Bilketa atariko arduradunak: “Kultur ekintza bizi hori plazan ari da garatzen, pastoralak, kabalkadak, baina gainera, baita musika kontzertuak eta jaialdiak ere, eta horiek guztiek sekulako lotura sortzen dute euskararekin”. Euskarari heltzeko modu hori «biziki erakargarria eta berritzailea” dela azpimarratu zuen, naturalki sartzen delako. “Euskal kulturak badu zorte hori, gazteak biltzen ditu inguruan, eta berriz lotzen dira euskarari”.
Eneko Gorri Plazara kooperatibako kideak xenofobiari heldu zion, eta zenbait estereotipo jarri zituen zalantzan, bereziki euskararen ezina etorkinen gain jartzeko joera: “Motibazioak aztertzen direlarik, euskaldunekin biziki zaila izan da hautua, lotsa barneratua zutelako, eta kanpotik etorritakoek ez dute hori. Urteko 3 000 jende etortzea ez litzateke mehatxua, administrazioak horretarako antolatuko balira”.
Administrazioen izenean, hain zuzen, Xabier Parrilla (Baionako Herriko Etxeko Hizkuntza Politikako arduraduna), Maider Behoteguy (Departamenduko kontseilari eta EEPko lehendakaria), Andde Sainte-Marie (Akitania Berria eskualdeko kontseilaria) eta Antton Curutcharry (Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariordea) aritu ziren, nor bere erakundean egiten denaz.