Euskararen Akademiak euskaltzain berria izendatu du gaur, Gasteizko Goiuri jauregian egin den Osoko Bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin dute Beñat Oihartzabal emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsunea betetzeko, eta Jon Casenavek erdietsi du Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Gogoratu behar da Beñat Oihartzabal emeritu izatera igaro zela martxoan (hain zuzen, 75 urte bete zituen martxoaren 17an), eta hilabete horretan bertan zabaldu zela hautagaiak aurkezteko epea. Hautagai bakarra aurkeztu zuten euskaltzainek maiatzeko Osoko Bilkuran (Jon Casenave), eta gaurko bilkuran izendatu dute euskaltzain oso hizkuntzalari lehunztarra.
Orain, zortzi hilabeteko aldia izango du euskaltzain oso berriak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta epe berdina izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Geroago, harrera-ekitaldia egingo da.
Euskaltzain berriaren profil laburra:
Lehuntzen (Lapurdi) jaio zen Jon Casenave, 1957ko uztailaren 4an. Euskal Ikasketetan doktorea da (Bordele Montaigne Unibertsitatea) eta Bordele Montaigne Unibertsitateko irakasle emeritua. Iker laborategiko kidea ere bada, eta Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 2003ko urtarrilaren 31n. Euskaltzaindiaren Hiztegigintza batzordeko kide (1987-1989) eta Literatura Ikerketako batzordekide izan da (1993-2017). Dozenaka ikerketa-artikulu idatzi ditu Casenavek, eta publikatu dituen liburuetatik honako hauek nabarmendu ditzakegu: De l'article de presse à l'essai littéraire (2002, UNED); Euskal literaturaren historiaren historia (2012, Utriusque Vasconiae); eta Euskal literaturaren historiaren historia. Gurea nola konda? (2021, Euskaltzaindia) liburuak idatzi ditu.
1918tik 2024ra, ehun euskaltzain oso
Ehun euskaltzain oso dira 1918tik gaurdaino Akademiak izendatu dituenak. Gaur egun, 24 euskaltzain osoz eta 11 euskaltzain emerituz osatua da Euskaltzaindia.
Hona hemen gaur egungo euskaltzain osoen zerrenda (guztira, hogeita lau: 14 gizonezko eta 10 emakumezko): Ana Toledo, Asun Garikano, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Andres Urrutia, Andres Alberdi, Bernardo Atxaga, Castillo Suárez, Itxaro Borda, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Mikel Zalbide, Miriam Urkia, Jean-Baptiste Coyos, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Jon Casenave, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Roberto González de Viñaspre eta Sagrario Aleman.
Eta hauexek dira egungo emerituen izenak (guztira, hamaika): Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Beñat Oihartzabal, Jose Luis Lizundia, Andoni Sagarna, Ibon Sarasola, Patxi Uribarren, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta eta Patxi Goenaga.