Goizuetan noka berreskuratzen hasteko ikerketa-proiektuak jaso du ikerketa-lan monografikoen saria. Euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko ikerketa-lan monografikoak sustatzeko helburua du deialdiak, eta Oihana Lujanbio Begiristainek (Goizueta, Nafarroa, 1982) eskuratu du 3.000 euroko saria. Ikerlariak 2025ko otsailaren 28ra bitarteko epea izango du proiektua ondu eta aurkezteko.
Datozen hilabeteetan, ikergai izango ditu Goizuetako noka formak zabaltzeko bideak; praktikak sustatuko ditu, eta aztertuko du horiek eraginik baduten erabileran; helburu izango ditu nokaren galeraren arrazoiak ezagutzea eta herritarren hausnarketa eragitea; azkenik, Goizuetan noka mantendu duten hiztun-taldeen praktika onak ere bilduko ditu.
Dena den, hau ez da izango Oihana Lujanbiok Goizuetako euskarari buruz egiten duen lehen lana. Besteak beste, ikerlariak honako lanak burutu ditu azken urteotan, bakarka edo lankidetzan: Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran: emaitza gehiago. Euskal hizkuntzalaritzaren egungo zenbait ikerlerro. (Udako Euskal Unibertsitatea, 2014); Hizkuntza-aldakortasuna Goizuetako euskaran. (Uztaro / Udako Euskal Unibertsitatea, 2012); Goizuetako azentuaz zerbait gehiago: oharmena. (ASJU / UPV/EHU, 2009); Goizuetako azentuera. Gramatika jaietan (UPV/EHU, 2008). Azken biak Jose Ignacio Hualderekin batera egin zituen.
2024ko Mintzola ikerketa-sarien deialdia
Euskaltzaindiak, Mintzola proiektuaren bidez, euskaraz egiten den ahozko jardunari buruzko bi ikerketa-lan monografiko saritzeko deialdia argitaratu zuen martxoan. Ikertzaile gaztea edo hasiberria doktorego-tesiraino eramango duen ibilbidean, aurreko erabakiak eta urratsak ere garrantzitsuak dira, eta hain zuzen bide horretan laguntzea, eta ondorengo zazpi eremuak oinarrian direla, euskaraz egiten den ahozko jarduna ikergai gisa sustatzea da deialdi honen helburua.
Ikergaiak:
- Eguneroko hizkera informalaren ezaugarriak eta beronen egoera euskal komunitatean. Oinarriak, corpusa eta diagnostikoa.
- Euskalkiak eta estandarra ahozko hizkeraren funtzioetan: praktiken azterketa eta jarraibide batzuk sortzeko oinarriak.
- Eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak hezkuntza arautuan lantzeko bideak eta formulak.
- Aisialdi antolatuan eta hezkuntza ez-arautuan adierazkortasun baliabideak lantzeko bideak eta formulak.
- Eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak hedabideetatik eta ingurune digitaletik sustatzeko bideak eta formulak.
- Eguneroko hizkerarako adierazkortasun baliabideak lantzeko bestelako bideak.
- Hitanoa lantzeko eta hedatzeko bideak eta formulak.