Euskararen Normalizazioa eta Normatibizazioa XXI. Mendean espezializazio diploma jarri dute abian Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak eta Euskaltzaindiak, UZEI eta VICOMTECH erakundeen kolaborazioarekin. Honela, euskararen normalizazioak eta normatibizazioak XXI. mendean izan ditzaketen nondik norako garrantzitsuenei buruzko prestakuntza sendoa eman nahi du Euskararen Normalizazioa eta Normatibizazioa XXI. Mendean espezializazio diploma berriak, etorkizuneko profesionalak sortzeko asmoz.
Espezializazio diploma teoriko-praktikoa izango da eta irakasleak Euskaltzaindiaren eguneroko egitasmoetan ari diren euskaltzainak eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak izango dira.
Euskaltzaindiko egitasmoetarako prestakuntza
Euskaltzaindiak bere eginkizuna, egitasmoak eta horien gizarteratze-lanak aurrera eramateko, profesional berriak erakarri eta prestatu nahi ditu, Akademiak sorreratik dituen bi sailetan jardun dezaten, hain zuzen, Iker Sailean (euskararen estandarizazioa xxi. mendean aztertzea da horren eginkizuna) eta Jagon Sailean (euskararen erabilera soziala sustatzea du helburu, horretan diharduten gainerako eragileekin batera lan eginez).
Euskararen Normalizazioa eta Normatibizazioa XXI. Mendean espezializazio diploma bukatuta profesionalak gai izango dira arlo horietan orain arte egin den ibilbidea azaltzeko bere testuinguru sozialean eta historikoan egoki kokatuta, baita arlo horietako etorkizuneko erronka nagusiak identifikatzeko eta horiei erantzuteko ere. Besteak beste, hauek izan daitezke espezializazio diploma egiten duten pertsonen lanbideak:
- Euskaltzaindiaren egitasmoetako teknikaria: corpusgintza, lexikografia, dialektologia, onomastika, morfosintaxia, hizkuntza zuzenbidea, euskararen erabilera soziala…
- Espezializazio diploman lantzen diren gaien arloko teknikaria erakunde publiko, pribatu eta elkarteetan.
- Espezializazio diploman lantzen diren gaien arloko ikertzailea.
- Euskara teknikaria erakunde publiko, pribatu eta elkarteetan.
Antolaketa eta prezioak
Graduondokoa modalitate erdi presentzialean egingo da. Ikastaroa 2024ko urriaren 1ean hasi eta 2025eko maiatzaren 23an amaituko da. Saio presentzialak astearte eta ostegun goizetan izango dira (10:00etatik 13:00etara), gehienak Euskaltzaindiaren Gipuzkoako ordezkaritzan (Luis Villasante Ikergunea - Tolare baserria / Almortza bidea, 6, Donostia). Euskaltzaindiaren dirulaguntzari esker, matrikula merkeagoa izango da (3.150 €).