NOEREN ONTZIA

Hezkuntzarako Euskal Testuak

POBREEN UNIBERTSITATEA

Arantxa Urretabizkaia (Donostia, Gipuzkoa, 1947)

Testu-mota: Artikulua

Garaia: XXI. mendea (edukiaren garaia: 1950-1960)

Argitalpen-urtea: 2010

Atala: Literatura

Jatorrizkoa

Lau urte nituela hasi nintzen eskolan, ahizparekin batera, sasoi hartan ez baitzituzten haurrak jaioturtearen arabera gaur bezain zorrozki bereizten. Etxe aldamenean zegoen moja eskolan, hain zuzen. Metro gutxi haiek distantzia izugarria markatzen zuten, etxetik mundurainoko distantzia.

Ordurako bagenekien nola hala erdaraz egiten, baita irakurtzen ere. Etxeko izebak irakatsi zigun M+A ma zela. Gure hizkuntza euskara zen, baina hori bai, guztiz etxekoa, gure artean eta lehengusuekin erabiltzen genuen hizkuntza, eta tarteka frantziskotarren batekin.

Lehen egunean liburu bat eman ziguten, bakarra biontzat. Harro eraman genuen geurera lehen liburu hura eta izebak sukaldean gainbegiratu bat eman zion, isilean. Bazkalaurrea zen eta gurasoak ez ziren oraindik lanetik itzuli. Isilean pasatu zituen izebak orriak, sutondoko aulki handian eserita. Eta, halako batean, hitz izugarri bat bota zuen, gure harridurarako: Kakitzat.

Ez genion sekula horrelakorik entzun. Berehala esplikatu zigun ez zela hitz dotorea, baina ezta apaizari aitortu beharrekoa ere. Ez omen zen izorrai bezalakoa. Azken hitz hau aldameneko familiaren iloba baserritar batengandik ikasi genuen eta errepikatu genuenean izebak esan zigun lehen jauna hartu baino lehen aitortu egin beharko geniola hori apaizari, baldin eta arima garbi eduki nahi bagenuen.

Kakitzat esan zuen eta hori guztiz harrigarria zen. Arrazoia galdetu genionean, argazki bat seinalatu zuen liburu berrian. Francoren argazkia zen eta izebak esan zigun galdetzeko horri buruz aitari. Gure aita, esan beharra dago, etxeko autoritate nagusia zen, gauza garrantzitsuez arduratzen zena. Inportantea behar zuen izan liburuko gizon bibotedun hark.

Hurrengo igande goizean esplikatu zigun aitak ulertzen ez genuen sekretua, urtean bitan edo hirutan erabiltzen zen jangelako mahaiaren inguruan. Zigarro bat piztu ondoren esan zigun handik aurrerakoa sekretupean gorde beharrekoa zela, ezin geniola inolaz ere inori aipatu. Esplikatu zigun Franco gaiztoa zela, ama bera kartzelan sartu zuela eta bera ere bai, urte luzez. Gerra bat aipatu zuen, baina guk ez genekien oraindik gerra zer zen.

bibotedunaren orrialdetik. Gehitu zuen una, grande y libre omen zen nazio hura ez zela gurea, ezta bandera gorri-horia ere. Noski, ez dut aitak esandakoa hitzez hitz gogoratzen. Baina jakin badakit jangelatik naziorik gabe irten nintzela, ez baitzuen esan gurea beste nazio bat zenik. Hura ez zen gurea eta kito.

Ordurako bagenekien euskara zela gure hizkuntza, hori bai, ahozko hizkuntza, euskarazko liburu bakarra ezagutu bainuen haurtzaro osoan. Lehoi kumea zuen izena eta argazkiz josia zegoen. Testua Orixek itzulitakoa zen. Kartzelan ikasi omen zuen aitak euskaraz idazten eta jakinduria hori bakarra zen gure inguruan. Gutxienez etekin hori atera zion aitak kartzelaldi luze hari.

Berak frantsesa eskolan ikasi zuen, Lehen Mundu Gerra hasi zenean eskola itxi eta Frantziara itzuli ziren fraide batzuekin. Ingelesa eta alemana, kartzelan. Kontatzen zuen ikasketa kooperatiba moduko bat antolatu zutela presoen artean eta bertan nork zekiena irakasten zuela. Adibidez, berak kontabilitatea eta frantsesa irakatsi zizkien preso batzuei, eta beste batzuek berari ingelesa eta alemana. Libururik gabe, noski. Kontatzen zuen ingelesa irakasten ziona berarekin batera atera zela kartzelatik eta alemana irakasten ziona dezente lehenago. Horregatik egiten omen zitzaion errazago ingelesa alemana baino.

Noizean behin norbaitek ingelesezko testu bat ematen zion, erdara zezan edo erdarazko bat, euskara zezan. Horrelakoetan jangelako mahaian jartzen zen, oraindik ere kartzelako izena idatzirik duten hiztegiak aurrean zituela. Brigada 5ª, Prisión Central de Burgos, amaren idazkera dotorean.

Sarritan errepikatzen zigun hizkuntzak zirela jakinduriaren adierazlerik hoberena, zenbat eta hizkuntza gehiago menderatu, orduan eta jakintsuago izango ginela, orduan eta lan hobea lortuko genuela. Are gehiago, esan ohi zuen hizkuntzak zirela unibertsitatera joateko aukera ez genuenon unibertsitatea. “Pobreen” unibertsitatea esan zezakeen, baina hitz hori gu baino pobreagoentzat erabiltzen zen gure etxean, gehienbat eskaleentzat.

Horregatik ikasi behar genuen gaztelania primeran erabiltzen, elebakarrek baino hobeto, mojek baino hobeto. Frantsesa eta ingelesa ere jakin behar genituen, frantsesa mintzatzeko eta ingelesa gutxienez irakurtzeko. Alemana, berriz, eskupeko gisa.

Francorena esplikatu zigun egunean ere hizkuntzez mintzatu zitzaigun. Ez dut gogoratzen nola egin zuen Francorengandik euskararako bidea, baina gogoan dut hotsandiz errepikatu zigula etxean beti euskaraz egin behar genuela, oso gutxi ginela euskaraz egiten genuenok eta guri zegokigula hizkuntza gordetzea.

Agian eskolara naziorik gabe itzuli nahi ez nuelako pentsatu nuen euskara zela gure nazioa edo nazioaren ordezkoa. Guk ez genuen naziorik, baina bai inor gutxik ezagutzen zuen hizkuntza. Eta hori ez zitzaigun nabaritzen, ez zuten mojen ez eskola-kideen begiek antzematen. Aitaren sekretua ondo gordeta zegoen.

Hamasei urte nituen eta lanean hasi berria nintzen Zizurkilgo lankide batek gure nazioa eta gure bandera zeintzuk ziren jakinarazi zidanean.

Hamar urtez naziorik gabe lasai asko bizi izanak esplika dezake, gutxienez maila batean, zergatik axola zaizkidan hain gutxi nazioak eta hainbeste hizkuntzak.


URRETABIZKAIA, Arantxa (2010). «Pobreen unibertsitatea», Erlea 3: 9-10.

Siège social

  • B
  • BISCAYE
  • Plaza Barria, 15.
    48005 BILBAO
  • +34 944 15 81 55
  • info@euskaltzaindia.eus

Centre de recherche

  • V
  • LUIS VILLASANTE
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6.
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus

Represéntations

  • A
  • ALABA
  • Gaztelako atea, 54
    01007 VITORIA-GASTEIZ
  • +34 945 23 36 48
  • gasteizordez@euskaltzaindia.eus
  • G
  • GUIPUSKOA
  • Tolare baserria. Almortza bidea, 6
    20018 SAINT SÉBASTIEN
  • +34 943 42 80 50
  • donostiaordez@euskaltzaindia.eus
  • N
  • NAVARRE
  • Oliveto Kondea, 2, 2. solairua
    31002 PAMPELUNE
  • +34 948 22 34 71
  • nafarroaordez@euskaltzaindia.eus

L'association

  • P
  • PAYS BASQUE NORD
  • Château Neuf
    15, place Paul Bert
    64 100 Bayonne
  • +33 (0)559 25 64 26
  • +33 (0)559 59 45 59
  • baionaordez@euskaltzaindia.eus
  • Euskaltzaindia - Real Academia de la Lengua Vasca - Académie de la Langue Basque
  • Plaza Barria, 15. 48005 BILBO
  • +34 944 158 155
  • info@euskaltzaindia.eus
z-library z-lib project
© 2015 Your Company. All Rights Reserved. Designed By JoomShaper