4.5.9a Lafittek -tze ematen du lematzat; Azkuek, berriz, -te. Garbi dago forma baten edo bestearen aukera aditzoinaren inguruneak baldintzatzen duela, neurri batean. Badira euskalki mailako desberdintasunak ere, bizkaieraz askotan -te aurkitzen baita gainerako euskalkietan -tze erabiltzen den izenetan (ekarte/ekartze, errete/erretze, hilte/hiltze, jote/jotze…), baina euskara estandarreko aldaerei lotuko gatzaizkie.
Txistukariaren eta sudurkariaren ondotik, oro har -te aurkitzen da euskalki guztietan (edate, haste, ikaste, ikuste, iraute, jakite eta abar). Dena den, Mitxelenaren (1977b) hitzen aurrean zaila da lematzat forma bakarra aukeratzea37.
4.5.9b Edozein aditzoinek onartzen du -tze atzizkia. Berau da, hain zuzen, ‘ekintza’ edo ‘gertaera’ adierazteko markatugabea dena, beste edozeinen ordez ager daitekeena. Kontuan izan behar da, dena den, izenak sortzen dituen atzizkiaz ari garela, eta ez perpaus jokatugabeek duten nominalizazio moduaz (ikus § 30.6.3.1)38. Alde honetatik, askoz maizago aurkituko ditugu -tze atzizkiaz sorturiko izenak Iparraldeko testuetan (azken batean, aurreko puntuan ikusi dugun -tze bera da), gertaera izen balioan (erakusleaz lagundurik ere bai, inoiz edo behin): Mariaren sortzeak bozkariotan ezarri du Zerua (Andre-dena); Bihotz onez oroitze utsak atsegin ta gustoz urturik bezala uzten du bihotza (Mendiburu); Euskaraz mugagabeak ere aurrera daitezke […] aurreratze horrek, azkenik galdegaia altxa dezake (Mitxelena); Arabako [euskararen] atzeratzearen kezka argi azaltzen du, esate baterako, Aita Kardaberatzek (Mitxelena); Elkarren ondo-ondoan zeuden neskak, urre eta beltz, eguzkiaren sartzea interesik gabe miresten, lepoko zapiak ukituz, irribarreak zuzenduz elkarri (Navarro); Goiz batez Boris Klotz medikua, haste hartan ezagutu nuena, jin zitzaidan (Etxehandi); Larunbatean, abendoak 18, Olentzeroren jiteak airostuko ditu Baionako karrikak (Herria).
4.5.9c Gertaera izenak osatzen dituen heinean, aditzoinaren argumentu egitura heredatu egiten du izen eratorriak, eta horrek esan nahi du argumentu horiez lagundurik azaldu behar duela: dela hitz elkartu baten bidez (eguzki-ilkite, eguzki-sartze)39, dela izenlagunaren bidez (eguzkiaren sartzea, Olentzeroren jitea). Gerta daiteke argumentua testuan lehenago aipatua delako berriro ez ematea: goraxeago eman dugun Mitxelenaren adibidean, Euskaraz mugagabeak ere aurrera daitezke dio lehenik; argi dago, beraz, zer den aurreratzen dena (edo duguna). Horregatik da errazago ondoren erakuslea erabiltzea eta argumentua isilpean uztea: aurreratze horrek…
4.5.9d Mendebaldeko -era atzizkiaren (§ 4.5.3) baliokide dela esan daiteke (hasiera/haste, etorrera/jite, sarrera/sartze eta abar).
Baina behin baino gehiagotan, adjektiboz, erakuslez edo ‘ondorio’ adierako izenekin ohikoak diren beste elementu batzuez lagundurik ere aurkituko ditugu -tze atzizkidun izenak. Hona hemen adibide batzuk: Heriotze bakarra estaltzen dute lau sortzek (J. Etxepare); Oroitze onek aita naigabez bete, eta alabari negar eragiten zion (Lardizabal); Bainan izan da halere joaite baino aise jite gehiago (Herria). Hala ere, ez dirudi ‘ondorio’ balioa beste atzizki batzuekin bezain argi ikusten denik.
4.5.9e Bada gure artean beste auzi bat ere, zenbateraino den egoki euskara estandarrean -tze atzizkiaz baliatzea izenak sortzeko. Mitxelenaren iritzia ekar dezakegu hona: “norbaitek esan omen du hizkuntza landuetan -te -tze bezalako gramatika-atzizki arrunt batek ordezkari hoberik eta berezirik izan ohi duela. Tira, ingelesa aski landua eta ikasia da eta -ing ez dabil hain urrun gure atzizkitik. Hala guztiz, ordez, barra-barra erabiltzen dute -ing” (1988a [1984]: 45)40.
37 “En algunos dialectos -te y -tze alternan en el sustantivo verbal […]. No debe pensarse, sin embargo, que -tze sea el resultado de t + t: se trata probablemente de sufijos de distinto origen” (Mitxelena 1977b: 346).
38 Gai honetan sakondu nahi duenak jo dezake, besteak beste, Goenagaren (1984) lanera.
39 Horrelako adibide asko ikusiko ditugu hitz elkarketa aztertzean; zehazki, izen elkartu sintetikoen zer-nolakoen berri ematean (§ 7.2.7).
40 Gai honetaz gehiago jakin nahi duenak irakur dezake Azkarate 2009.